Berrizen hasiko da III. Uztabarritzen zirkuitua

Aritz Maldonado 2023ko mar. 10a, 10:37

Durangaldea Uztabarritzen ekimenaren hirugarren edizioa hasiko da gaur, martxoak 10. Ohikoa den moduan, Durangaldeko eta kanpoko bertsolariek kantatuko dute.

Gaurko saioan, Erika Lagomak, Ander Elorriagak, Bittor Altubek eta Eli Pagola hernaniarrak egingo dute bertsotan; Miren Amurizak ipiniko dizkie gaiak. Durangaldeko Bertso Eskolaren egitasmoak Durangaldeko bertsogintza hauspotu gura du, beste behin ere. Ekimenak Durangaldeko zenbait bertsolari belaunaldi batzen du. Guztira, Durangaldeko hamazortzi bertsolarik parte hartuko dute; besteak beste, Erika Lagomak, Aitor Bizkarrak, Irune Basagoitik, Igor Elortzak, Miren Amurizak, Iruri Altzerrekak eta Gorka Pagonabarragak.

Nobedade lez, aurten tabernetan ere egingo dituzte saioak, bertsozaleengana hurbiltzeko. Aurten ere sei saiok osatuko dute zirkuitua: Berrizen (martxoak 10), Zornotzako Zelaieta zentroan (martxoak 24), Elorrioko gaztetxean (martxoak 31), Garaiko probalekuan (apirilak 15), Mañariko Arritoki tabernan (apirilak 21) eta Otxandion (Apirilak 29).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!