“Nabaria da egungo doinuen eragina, geroz eta aberatsagoa den euskal rock eszena asko kontsumitzen dugulako”

Aritz Maldonado 2023ko ots. 20a, 08:50

Dube talde berriztarrak 'Ezer ez da' diskoa kaleratu du oraintsu; fisikoan kaleratu eta gero, atzotik aurrera digitalean ere entzungai dago. Otsailaren 24an Kultur Etxean aurkeztuko dute. 

‘Ezer ez da’ zortzi abestiko lana kaleratu duzue oraintsu. Pozik? 
Oso pozik gaude egindako lanagaz eta lorturiko emaitzagaz. Azaleratu gura genuen guztia entzun daiteke diskoan. Orain arteko feedbacka oso ona izan da eta familien eta lagunen berotasunak energiaz betetzen gaitu datorrena ilusio osoz hartzeko.

Zer da ‘Ezer ez da’? Zelan definituko zenukete?
Diskoan izen bereko abestia dago; abesti honek diskoaren konposizio prozesuan izandako sentimenduak azaltzen ditu, portadaren irudiaren inguruan metafora bat eraikiz. Bertatik Ezer ez da esaldia deskontestualizatzea titulu forma emanez kontraesan polita iruditu zitzaigun. Diskoa entzuterakoan, bakoitzak modu ezberdin batean ulertzeko aukera du, bere bizipenetatik; horrela ulertzen dugu musika guk, askatzeko modu bat, eta bakoitzak bere egitea abestiak.

Musikalki, 70eko eta 90eko hamarkadetako musika taldeak aipatu izan dituzue influentzia lez. Diskoan ere horrela dela esango zenukete? Aurrerapen abestietan doinu/influentzia modernoagoak ere igartzen direla esango nuke.
Hasieran gure soinua bilatzen genbiltzala, 70eko hamarkadako influentziak ageriagokoak ziren. Gaur egun, ostera, 90eko hamarkadako soinuetan eraikitzen da taldearen nortasuna, gaur egungo influentzia modernoagoekin batera nahastuz. Nabaria da egungo doinuen eragina, geroz eta aberatsagoa den euskal rock eszena asko kontsumitzen dugulako. Besteak beste, Foo Fighters, Nirvana, QOTSA, Ezpalak, Vulk edo Etxekalte moduko taldeak ditugu erreferentzia lez.

Laukote izatetik hirukote izatera igaro zarete. Horrek eragina izan du konposaketa lanetan?
Konposaketetan atentzio gehiago ipintzea eragin du, sorkuntza fasean baliabide instrumental gutxiago geneukan eta; abestiek lehenengo unetik funtzionatzeko modua bilatzera derrigortu gaitu horrek, ekoizpen prozesura heldu orduko oinarri sendoa izateko. Honek eragin zuzena izan du emaitzan, diskoari eman gura genion gordintasuna eta biribiltasuna lortuz.

Aurreko maketagaz alderatuta, euskara lehenetsi duzue abesterakoan. Zergaitik?
Hasierako influentziarik handienak ingelesez ziren maketa grabatu genuen garaian. Baina ingelesez adieraztea ez zitzaigun naturala egiten, ez forman ez mezuan, eta, beraz, gure ama hizkuntzara igarotzea prozesu naturala izan da. Euskaraz abestea gure hizkuntza eta gure kultura sustatzeko modu bat lez ikusten dugu, aldarrikapen bat.

Eñaut Gaztañagagaz grabatu duzue. Zelan?
Hasieratik argi genuen beragaz grabatu gura genuela, bai teknikari-ekoizle lez, bai musikari lez Ezpalak eta Grises taldeak erreferentzia direlako guretzat. Esperientzia ezin hobea izan da guretzat beragaz lan egitea; argi genuen zer gura genuen eta Eñautek, hau ulertzeaz gainera, bere aletxoa ipini eta kantak haratago eraman ditu. Beragaz lan egitea astebeteko masterclass bat izan da, asko lagundu digu gure soinuaren bilaketan, eta bere bizipenak oso baliagarriak eta interesgarriak egin zaizkigu. Lagun bat gehiago dugu orain.

Nerea Aizpuruak ere grabatu du. Zergaitik? Badago beste kolaboraziorik diskoan?
Nerea pertsona berezia da gurtzet, urteetatik hona gertuko laguna duguna. Zenbait proiektutan elkarregaz lan egin dugu eta argi genuen pertsona aproposa zela Hegan abestia osatzeko. Hasieratik imajinatzen genuen txeloa kanta honetan; hunkigarria izan zen lehenengoz biolontxeloa entzutea guk landutakoagaz batera, eta diskoan ere horrela geratu dela esango nuke. Horrez gainera, Karlos Berrizbeitia margolari, artista eta lagunak egindako lana aipatu gura genuke, izan ere, diskoaren diseinuetan ezin hobeto islatu ditu gure ideiak. Beraz, diskoa ez da gurea bakarrik, lagun arteko eta elkarlanean sorturiko proiektu berezia baino.

Kontzertuekin hasiko zarete. Gogotsu?
Kontzertu berezia izango da, gure lagun eta familien aurrean, Berrizko Kultur Etxean, 360 graduko formatuan eta gonbidatu bereziekin. Elorrioko Topagunean jotzeak ere ilusio handia egiten digu. Talde itzel horiekin eta beste lagun batzuekin oholtza partekatzea izugarria izango da. Aukera paregabea izango da publiko berri eta ezberdin batengana heltzeko. Horrez gainera, martxoaren 10ean Ermuko London tabernan joko dugu, apirilaren 16an Amaraun arte fabrikan, eta maiatzaren 13an Ubideko garagardo jaialdian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!