Berrizko Azeri Gorriak taldeak Kafeminista literarioak irakurle taldea martxan ipiniko du, Berrizko Udalaren Berdintasun Sailaren laguntzagaz. Hiru hitzordu antolatu dituzte horretarako, eta bertan egongo dira Arantxa Urretabizkaia, Uxue Alberdi eta Leire Milikua Azken etxea, Jenisjoplin eta Lur gainean, itzal azpian liburuak aurkezten, hurrenez hurren. "Hirurak oso ahots interesgarriak iruditzen zaizkigu, eta, era berean, profil desberdinetako jendearentzat erakargarriak izan daitezkeen lanak aukeratzen ahalegindu gara. Jende asko mugitzen da gure asanbladaren inguruan, eta bestela berba egingo ez genukeen gaiez berba egiteko abiapuntua izan daitezke liburu hauek", azaldu du Miren Amuriza Azeri Gorriak asanblada feministako kideak. Saioetan parte hartzea debaldekoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da Berrizko liburutegian edo azerigorriak@gmail.com helbidera idatzita. "Aurrera begira, moduren batean edo bestean saretxo horri eusten ahaleginduko gara", gaineratu du Amurizak.
Kafeminista Lekua: Berrizko Gaztelekuan. • Otsailak 9, Azken Etxea, Arantxa Urretabizkaiagaz. • Martxoak 23, Jenisjoplin, Uxue Alberdigaz. • Maiatzak 11, Lur gainean, itzal azpian, Leire Milikuagaz. |