Zaldibarko hondakindegiaren tragedian oinarritzen den 'Hondamendia', Berrizen

Aritz Maldonado 2023ko ots. 4a, 10:20

Axut! eta Artedramaren 'Hondamendia' Berrizko Kultur Etxean taularatuko dute zapatuan, otsailak 4, 19:00etan.

Hondamendiak, Axut! eta Artedramaren azken elkarlanak, 2020ko hasierara darama ikuslea. Bertako hondakindegia amildu ostean, askok Zaldibarko Eitzaga auzoa mapan kokatu zuten eta aktualitatearen epizentroa izan zen aste askoan. Otsailaren 6an izan zen lur-jausia, eta bertan Joaquin Beltrán eta Alberto Sololuze langileak hil ziren. "Esan patua izan dela, esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ostera, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena istripua da beste batzuentzat", azaldu dute konpainiako lagunek, gertakariaren osteko egunak eta ekintzak testuinguruan kokatzeko. Bestalde, 2020ko martxoan COVIDa heldu zen eta komunikabideen fokua horra mugitu zen, garaia bera are gehiago nahasiz. "Zabor meta erraldoian aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak baino ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera huts-hutsean maitatu behar dugula dioen intuizioa", azaldu du Harkaitz Cano idazleak; berak idatzi du istorioa. Antzezlanean langileak, langileen senideak, erizainak, enpresariak, kazetariak, prentsa arduradunak, politikariak eta abar agertzen dira. Pertsonaia horiek guztiak Ander Lipus, Ane Sagues, Ruth Guimera, Jon Ander Urresti, Maite Larburu, Manex Fuch eta Eneko Gil aktoreek gorpuztuko dituzte. Ximun Fuchek zuzendu du lantaldea.

Axut! eta Artedrama taldeak elkarlanean ari dira 2010etik, euskal antzerki "garaikidea eta herrikoia" egiteko helburuagaz, dioten legez. "Antzerkia herri baten isla bada garai jakin batean, orduan eskema propioak sortzeko beharra dugu: eskema ekonomikoak eta artistikoak, bitartekaritza eta heziketakoak, komunikazio eta ekoizpenekoak, teknikoak, saretze eta harrerei lotutakoak... Zelan moldatuko gara kexatzeko, maitatzeko, haserretzeko, oihukatzeko edo iraintzeko eredurik ez badugu? Zerk sortuko ditu ereduak arteak ez bada?", galdetzen dute. Errautsak, Hamlet, Francoren bilobari gutuna eta Zaldi Urdina sortu dituzte, aurretik aipaturiko ezaugarriekin. Hain zuzen ere, azken honen emanaldi batetik bueltan zetozela (Basaurin izan zen emanaldi hura) gurutzatu zen Hondamendia oinarritu duen istorioa Artedrama eta Axut! konpainiaren bidean. "Zaldi Urdina antzezlana eman berritan, eta bidean ikusi genuen mendia jausita, zientzia fikzioa ematen zuen", azaldu zuen Fuch zuzendariak. 

Eskualdeko aukerak
2022ko urriaren 14an estreinatu zuten Hondamendia, eta 2023ko urte amaierara arte bira egingo dute. Berrizkoa ez da aukera bakarra izango obra Durangaldean ikusteko. Datozen hileetan beste hiru aukera ere egongo dira Hondamendia ikusteko: otsailaren 17an, Elorrioko Arriolan; hile bereko 24an, Zornotza Aretoan; eta apirilaren 1ean Durangon, San Agustin kulturgunean. 

Ekitaldia Eitzagan

Hain zuzen ere, hiru urte beteko dira Verter Recicling hondakindegia amildu zenetik, eta, hori dela eta, Zaldibar Argitu plataformak beste mobilizazio batera deitu du, otsailaren 5erako. Ekitaldia egingo dute Eitzaga auzoan, 12:30ean. Txalapartariek, dantzariek eta Lucio Alonso abeslariak parte hartuko dute bertan. "Gure mobilizazioak hiru ardatzetan oinarritzen dira hasieratik: langileak, osasuna eta erantzukizunak. Enpresaren erantzukizunak ez daude zalantzan, baina Eusko Jaurlaritzarenak argitzeko eskatzen jarraitzen dugu", azaldu du Gaizka Zabarte plataformako kideak. Ekitaldiak, besteak beste, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren babesa izango du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!