Berrizen Sarrimendirako mendi martxa antolatu dute domekan

Anboto 2023ko ots. 2a, 10:28

'BBK Mendi Martxak 2023' ekimenaren barruko irteera da.

'BBK Mendi Martxak' BBK eta Bizkaiko Mendizale Federazioaren arteko lankidetza-proiektua da, eta mendiko jarduerak egitea du helburu, inklusibitatea eta ingurumenarekiko errespetua landuz. Lehenengo irteera domeka honetan egingo dute, Berrizen. Sarrimendirako —604 metro— mendi martxa antolatu dute, Amaraune mendi kirol elkartearen eta udalaren laguntzarekin.

Olakueta plazatik irtengo dira, 09:00etan. Ibilbideak 14,09 kilometro ditu. Bi hornidura puntu egongo dira: lehenengoa, ibilbidearen erdian eta bigarrena helmugan. Parte-hartzaile guztiek opari bat jasoko dute.

Izen-ematea doakoa da. Interneten bidez izena emateko egiteko azken eguna gaur da (otsailak 2). Bizkaiko Mendizale Federazioaren webgunean egin daiteke. Egunean bertan ere izena emateko aukera badagoela azaldu dute Amarauneko kideek. Martxaren gaineko informazioa webgune berean edo amaraunemenditaldea@gmail.com helbide elektronikoan eskuratu daiteke.

Une honetan 500 lagunek eman dute ekimenerako izena.

BBK Mendi Martxaren barruan zazpi irteera antolatu dituzte aurten. Honako hauek dira:

  • Otsailak 5: Sarrimendirako mendi martxa.
  • Martxoak 12: Kolitza.
  • Maiatzak 21: Lemoatxa.
  • Irailak 24: Aupo-Ganeroitz.
  • Urriak 22: Malmasin-Pastorekorta.
  • Azaroak 5: Jata.
  • Abenduak 17: Arnotegi
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!