Berrizko Hiltegixe gaztetxean lau bider sartu dira lapurretan azken hileetan. Orain dela egun batzuk gertaturiko lapurretan, alkohola osteagaz gainera sukaldeko txorrota zabalik utzi zuten. Ura beheko solairuan dagoen rokodromoraino heldu zen. Gaztetxeko kideek azaldu dute "nazkatuta" daudela. "Nazkatuta gaude gaztetxera sartu eta hau behin eta berriz erasotua izan dela ikusteaz. Beldurra ematen digu gure aurka azken aldian zabaldu diren pentsamendu horien hedapenarekin. Kezkatuta gaude ez baitakigu honek zein bide hartuko duen eta zein ondorio izango dituen", adierazi dute gaur arratsaldean Gaztetxeko kideek.
Gaztetxekoek deitutako mobilizazioan hainbat herritar batu dira, eta ozen adierazi dute berriztarrek ez dutela gaztetxearen kontrako inolako erasorik onartuko. Horrez gain, Hiltegixek antolatuko ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei gaztetxeko kideek.
Bestalde, herriko hainbat eta hainbat elkarte, kolektibo eta eragilek gaztetxeak kaleratutako komunikatuarekin bat egiten dutela jakitera eman dute, baita Durangaldeko eta Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladek ere.