“Antzokiek ikusi barik erosi dute antzezlana, eta hori izugarria da konpainia hasiberri batentzat”

Aritz Maldonado 2023ko urt. 27a, 13:00

Mar-Mar antzerki konpainiak bere ibilbide laburreko bigarren antzezlana estreinatuko du gaur Berrizen, Kultur Etxean. 'Tarzan' lehenengo ikuskizunak izandako harrera "asimilatzen" dabiltza oraindino, izan ere, Feten jaialdian egon ziren, eta gero MAX sarietako finalisten artean ere egon zen 'Tarzan'. Igor Iglesias teknikaria Mar-Mar konpainiako kidea da sorreratik; Aritza Rodriguez zaldibartarra da oholtza gainera igoko den protagonistetako bat, Irene Hernandogaz batera. Leire Bilbao idazleak ere parte hartu du obraren sorreran; lehenengo aldia antzerkirako idazten. Iglesiasegaz berba egin du ANBOTOk.

Barikuan 'Arrainak bihotzean' estreinatuko duzue. Gogotsu?
Bai, irailetik gogor entseatzen gabiltza eta irrikan gaude publikoaren aurrean aurkezteko. Berrizko Kultur Etxean egin dugu erresidentzia. Tarzan 6 urtetik gorako publikoarentzako ikuskizuna zen, baita helduentzakoa ere. Oraingo honetan, baina, espektroa zabaldu gura genuen, eta hiru urtetik gorakoentzako ikuskizuna prestatu dugu, izan ere, adin tarte horren kasuan hutsune bat zegoela detektatu genuen. Hori erabakita, martxan ipini ginen.

Leire Bilbaogaz lan egin duzue.
Antzezlan hau beldurrari buruzkoa izatea gura genuen, hori argi genuen. Leire Bilbao idazleari deitu genion, umeekin darabilen hizkuntza aproposa iruditzen zitzaigun eta. Bera oso poetikoa da. Berak istorioa proposatu eta guk antzerkira ekarri dugu. Lehehengo biderra izan da Leirerentzako antzerkia idazten, eta oso gustora aritu gara guztiok. Arrainak beldurraren modukoak direla dio berak, eta denok ditugula beldurrak, ume zein nagusi. Superbibentziarako beharrezko ditugu. Hortik tiraka, bilatzen genbiltzana kontatu dugu. Euskal Herriko kostaldean kokatu dugu istorioa, testuinguru horretan eroso sentitzen ginen eta.

'Tarzan' lanagaz batera eta bestera ibili zarete. Pozik?
Aurretik elkarregaz lan egin genuen, baina, konpainia lez, lehenengo aldia zen zerbait sortzen genuena. Espektatiba handiegirik barik ekin genion; batez ere, gure lana egin gura genuen, eta jendeak ikustea. Gijongo Feten jaialdian egoteko aukeratu gintuzten lehenengo, eta, gero, MAX sarietako finalisten artean egon ginen. Euskadiko Antzoki Sareakoek euren aldizkarian gomendatu zuten, eta horrek ere asko lagundu zigun; Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat ere jaso dugu, gure proiektua 70 lan ingururen artean aukeratua izan eta gero. Oso pozik gaude, oraindino ere guztiz asimilatu barik, azpiegitura aldetik izugarri hazi baita guztia. Arrainak bihotzeanen kasuan, adibidez, oraindino estreinatu barik dagoen arren, 35 emanaldi lotuta ditugu datozen hiru hileetarako. Antzokiek antzezlana ikusi barik erosi dute, eta hori izugarria da konpainia hasiberri batentzat. Flipatzen ari gara. Gure ardura nagusia gauzak ondo egitea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!