Berrizen manifestaziora deitu dute gaztetxearen kontrako erasoak salatzeko

Jone Guenetxea 2023ko urt. 27a, 11:00
@berriz.hiltegixe

Mobilizazioa 20:00etan irtengo da, Olakueta plazatik.

Berrizko Hiltegixe gaztetxean lau bider sartu dira lapurretan azken hileetan. Orain dela egun batzuk gertaturiko lapurretan, alkohola osteagaz gainera sukaldeko txorrota zabalik utzi zuten. Ura beheko solairuan dagoen rokodromoraino heldu zen. Gaztetxeko kideek azaldu dute "nazkatuta" daudela. "Jendea batzarrerako batzea kosta egiten da, eta horrelako gauzak gertatzen direnean gehiago". Gogoratu dutenez, herriko hainbat gazte birritan harrapatu dituzte lapurturiko alkohola gaztetxe barruan edaten. Salatu dutenez, sare sozialetan ere erasoak jasan dituzte. Arazoa konpontzeko, herritarrak mobilizaziora deitu dituzte. "Herria mobilizatu gura dugu jendeak gertatzen dabilena jakin dezan. Babes handia lortu gura dugu", esan dute. Mobilizazioaren deitzaileek diotenez, "gaztetxearen kontrako erasoak Berriz herriaren aurkako erasoak dira". Manifestazioa 20:00etan hasiko da, Olakueta plazatik. Herriko hainbat elkartek babestu dute ekimena.

Beste gertakari batzuk
Berrizko gaztetxeko kideek beste gune autogestionatu batzuk ere gogora ekarri dituzte. Zaldibarko, Elorrioko, Eibarko eta Larrabetzuko gaztetxeetan gertaturiko lapurretak gogora ekarri dituzte. Era berean, Durangoko Sorginolaren eraisketa eta Laudioko gaztetxeko kideei ipinitako isuna ere gogoratu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!