[IRITZIA]: "Berrizko Gaztetxearen aurkako erasoek herri osoari eragiten diote"

Gaztetxeko gazteen gurasoak 2023ko urt. 23a, 12:13

Iazko urriaz geroztik, Hiltegixe gaztetxera ostera sartu diren laugarren biderra dela salatu du bertako asanbladak. Egoera horren aurrean, gaztetxeko gazteen gurasoek gutuna idatzi dute.

GUTUNA:

Lan egiten, zaintzen eta autogestionatzen duten gazteen gurasoek gaur egun Berrizko gaztetxea bizirik mantenduz. Datozen urteetan gaztetxeaz gozatu eta autogestionatuko duten gazteen gurasoek eta, ziur aski, errealitatea ezagutu gabe, Berrizko gaztetxearen aurka egiten ari diren astakeriak eragiten dituzten gazteetako baten gurasoek:

gure gaitzespenik erabatekoena erakusten dugu azkenaldian jasaten ari den eraso bandalikoen egoera.

Berrizko Gaztetxea, Hiltegixe, duela 24 urte ireki zela, urte guzti hauetan zehar, hainbat belaunalditako gazteen kultur topagunea izan da. Parte hartu nahi izan duen edonor, inoiz inor baztertu ez den lekua, betiere errespetutik eta elkarbizitza onetik izan bada.

Leku bat non ekitaldiak beti dauden irekita, horietaz gozatzera joan nahi duen ororentzat. Berrizko Hiltegixe, Gaztetxea, gure herriak gozatzen dituen hainbat musika eta kultur talderen sorleku izan da eta da, eta beste hainbat herritako musika eta kultur talde ugari hartu ditu, beste herri batzuetako gaztetxeekin esperientziak eta ilusioak trukatuz.

Horregaitik ez ditugu ulertzen eta gaitzesten ditugu azkenaldian jasaten ari diren eraso bandalikoak, tristeena izanik, Berrizko gazte talde baten aldetik direla.

Aste honetan laugarren aldiz sartu dira atea eta bidean aurkitu duten guztia apurtuz. Alkohola lapurtu dute eta kaltea egiteko asmoz, uraren txorrotak irekita utzi dituzte, ondorioz, gaztetxea urez bete ez ezik, azpian dagoen udal rokodromoan ere kalteak eraginez.

Barruan sartu gabe ere, kanpoan dagoen leku bat erabiltzen dute, eta bertan kartelak dituzte, leku horren eta auzo osoaren garbitasuna errespetatzeko eskatuz, baina urrun erabilera ona eta elkarbizitza on bat izan beharrean, dena penagarri uzten dute, gauzak ondo egiten dituztenei arazoak sortuz, ondo egiten dutenak gehiengoa izanik.

Eraso hauek egiten ari direnek Euskal Herriko Gaztetxeen figuraren esanahiari buruzko informazioa bila dezatela. Etxean galde dezakete.

Agian ama, aita batzuek noiz edo noz babestu izan dute interes ekonomikoek suntsitutakoren bat (adibidez, Errekaldeko Kukutxa Gaztetxearen aldeko borroka, edo Durangoko Sorginola eraitsi berria, kokapen berri bat lortu zutena).

Guzti honekin, eraso horiek jasan dituzten gazte guztiei erabat lagundu nahi diegu, euren lan handia goraipatuz eta etsi ez dezaten. Era berean, eraso horien erantzule direnei dagoeneko gera daitezela eskatuz eta gure esperientzia dela eta, gure herriaren nortasunaren sinbolo diren kultura- truke-elkargune sustatzen dituzten leku horiek, euren bizitzaren parte izan daitezen gonbita egiten diegu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!