'Oholtzan gazteak ahalduntzen' tailerra emango duzu Berrizen. Zertan datza tailerra?
Urte asko daramat tailerrak ematen, eta normalean egiten ditugunak Hip hop-aren estereotipoak suntsitzekoak izaten dira. Normalean gazteek ez dute rapa euskaraz entzuten, euskaraz egindako rapa ez da existitzen eurentzat, eta, gainera, entzuten dutena gizonezkoek egindako rapa izaten da normalean. Horrez gainera, askok eta askok ez dituzte rapa eta hip hopa bereizten, eta horretan aritzen gara. Saio hauetatik oso gauza interesgarriak ateratzen dira eta asko ikasten dugu denok, baita nik ere.
Nori zuzenduta dago tailerra?
Berrizkoa gazteentzako tailerra izango da, tailer mistoa. Niretzat garrantzitsua izaten da saio mistoak egitea. Horrela, gura duten guztiek dute bertaratzeko aukera gurekin parte hartzeko. Gainera, raparen munduan emakume izateak zer suposatzen duen jakiten dute gizonek.
Horrelako saioak emateko, beharrizan bat dagoela iruditzen zaizu?
Bai, jakina. Gauzak aldatzeko daude oraindik. Gainera, gaur egun orokorrean oso azkar bizi gara, ez dugu pentsatzeko astirik hartzen eta dena automatikoki egiten dugu. Eta saio hauek aukera ematen dute beste ikuspuntu batzuk eta beste esperientzia batzuk entzuteko. Gero, bakoitza aske izan behar da nahi duena egiteko.
Zure hastapenetara joanda, sentitu duzu inoiz oholtzan ahalduntzeko beharrizan hori?
Gazteagoa nintzenean, rapa egin nahi nuen, eta gizonekin egiten nuen, ez baizegoen emakumerik. Hori normala zen niretzat. Euren moduan abesten nuen, euren moduan janzten nintzen eta gustura nenbilen. Baina gero, adinarekin, konturatu naiz nik sasoi horretan beharrizan bat nuela, aske izateko premia, eta ez nintzela aske. Aske izatea nire bizitzako borroketariko bat bihurtu zen.
Hizkuntzaren aldetik ere hautu bat egin duzu. Hasieran gaztelaniaz abesten zenuen eta nagusitzen joan ahala euskararen aldeko apustua egin zenuen. Hori ere ahalduntzeko modu bat izan zen?
Gaztea nintzenean abesti bat euskaraz egin nuen, eta hori ezin zela egin esan zidaten. Kanpotik datorren musika hori nola egin daiteke euskaraz? Diskurtsoa erosi nien. Sasoi horretan oso gazteak ginen, eta inork ere ez zuen rapa euskaraz egiten. Nire herrian ez da ia euskaraz hitz egiten, nire etxean ere ez. Orduan, erdaraz abestea erabaki nuen. Baina urteak pasatu ziren, eta aske sentitu nintzen momentuan euskaraz abesteko apustua egin nuen. Neure buruari esan nion orain da momentua, euskaraz abestu gura dut eta euskaraz egingo dut. Erreferente berriak sortu behar ziren eta horri ekin nion. "Zergatik euskaraz", galdetzen zidan jendeak. Eta zergatik ez? Euskaraz abestea nire aukera izan zen, eta asko kostatu zitzaidan arren erronka handi bat izan da niretzat. Azken batean, lotsa eta beldurra kendu eta gure hizkuntza ikasi nuen, eta euskaraz abesten hasi nintzen. Euskaraz abestearen estereotipo hori apurtu egin behar zen, apurtu nuen eta orain neska gehiago dabil euskaraz rapeatzen.
Baina hau guzti hau adinarekin lortu dut, gaztetan dena zailagoa da, ez baitakizu mundu honek nola funtzionatzen duen. Niretzat euskaraz abestea beharrizan bat zen, eta oholtzan aske sentitu nintzenean lortu nuen.
Amaitzeko, gazteek zergaitik parte hartu beharko lukete tailerrean?
Ikasteko eta ikuspuntu ezberdinak ikusteko aukera paregabea delako. Gainera, horrela, gure mundutxo hau ezagutzeko oso aukera ona izango dutelako.
Eta, bestalde, azaroaren 26an Berrizko Kultur Etxean JMartinak eta biok emango dugun kontzertura bertaratzeko deia ere egiten diet herritarrei. Gozatzeko, dantzatzeko eta aske izateko gune aproposa izango da.