“Nire dohain nagusia aireko jokoa dela uste dut; horrez gainera, atzelari irmoa naizela esango nuke"

Joseba Derteano 2022ko urr. 29a, 10:00

19 urtegaz, Uxue Guezala (Berriz) Athleticen egiturara batu da aurten. Lehenengo denboraldia 2.RFEF mailan dabilen Getxoko Bizkerren taldean egingo du, Athleticek utzita. Berriz eta Ezkurdi futbol klubetan eman zituen lehenengo urratsak. Ondoren, kadete adina zuenetik, Eibarren ibili da. Aurten Athleticek fitxatu du, hiru urterako, eta lehenengo denboraldia 2. RFEF mailako Bizkerre taldean jokatzen dabil, utzita. Talde igo berria izateko, bikain dabil Getxoko taldea. Bost jardunaldiren ondoren, oraindino ez dute partidurik galdu. 

Zelan sortu zitzaizun Athleticera batzeko aukera?
Eibarren urte dezente neramatzan eta haize berriak behar nituela sentitzen nuen. Orduan Athleticetik deitu zidaten, klubera batzeko proposamenagaz. Hiru urterako sinatu dut. Lehenengo urtea Bizkerren utzita jokatzea da plana, eta bigarrenetik aurrera Athleticera bueltatzea.

Zelan taldekide berriekin? 
Lehenengo egunean urduri nengoen, baina denek besoak zabalik hartu ninduten. Oso esker oneko nago, gauzak asko erraztu dizkidatelako.  

Ezagutzen zenuen jokalariren bat?
Nigaz batera Malen Olañeta ermuarra ere etorri da Eibarretik. Urte askoan elkarregaz egon gara eta hasieran lasaigarria izan zen alboan aurpegi ezagunen bat izatea. 

Olañeta ondoan duzu, baina lagun asko utzi duzu Eibarren. Gogorra izan da agurra?
Bai, kostatu egiten da. Une ahaztezinak bizi izan ditut han, eta beti gogoratuko ditut. Esaterako, debuteko partidua. Orain aste batzuk Irati Martinek [ANBOTOn elkarrizketatu genuen] esan zizun moduan egun hori izterrean tatuatu genuen Marta Lopez de Gereñu, Uxue Iparragirre, Malen Olañeta, Nahia Larrinaga eta Eider Egañagaz batera. Data hori beti berezia izango da guretzat.

Bost jardunaldi joan dira liga hasi zenetik. Arlo pertsonalean, zelan joan dira?
Zoritxarrez, oraindino ezin izan dut  jokatu, denboraldiaurreko lehenengo astean lesionatu egin nintzen eta. Zaintiratu bat. Momentu gogorrak izan ziren niretzat, baina taldekideek asko lagundu zidaten eta aurrera egin beharra zegoen. Orain guztiz errekuperatuta eta Bizkerregaz debutatzeko gogotsu nago.

Zentral postuan lehia handia dago taldean?
Bai, nigandik aparte beste zentral bi daude. Bata taldeko kapitaina da eta bestea sekulako atzelaria! Erronka lez hartzen dut. Gaztea naiz eta niretzat erreferenteak dira, eurengandik ikasi egin gura dut. 

Zelan definituko zenuke zeure burua defentsa lez?
Nire dohain nagusia aireko jokoa dela uste dut. Buruz ondo moldatzen naiz. Horrez gainera, atzelari irmoa naizela esango nuke: jokalaria edo baloia, bietako bat pasatuko da, baina biak ez. Hobetu beharrekoetan, baloiagaz irteteko momentua. 

Normalean buruz abilak zaretenok erasoan ere izaten duzue zeresana, faltetan eta kornerretan. Zelan moldatzen zara egoera horietan?
Ondo moldatzen naiz. Nire ibilbidean sartu ditudan golak buruz izan dira, faltak eta kornerrak errematatzera igota. Eibarren bost gol sartu ditut. 

Futbolerako zaletasuna familiarengandik datorkizu?
Ama futbolzalea da eta aitak urte askoan jokatu zuen Berriz futbol klubean. Nire ibilbidean asko lagundu didate. Niretzat sostengu bat izan dira.

Bizkerre talde igo berria da eta ezin hobeto hasi du denboraldia. Bost jardunalditan, hiru garaipen eta porrotik ez. Sailkapenean, laugarren. Itxaroten zenuten horrelakorik? 
Liga hasierak denok harritu gaitu! Beste taldeei erreparatu eta Real Madrid B, Atletico Madrid B… ikusten genituen, klub boteretsuetako taldeak. Gu partiduz partidu joan gara, aurrerago begiratu barik. Oraingoz funtzionatu digu eta taldearen dinamika oso ona da. 

Bost partidutan, hiru gol alde eta bat ere ez kontra. Datu bi hauetatik, zer ondorioztatu dezakegu?
Sarturiko gol bakoitzak hiru puntu balio izan dituela! (barrez). Atea hutsean mantenduta, aukera bat asmatzea nahikoa izan daiteke partidua irabazteko.

Normalean, futbol klubetan gizonen taldeak emakumeenak baino gehiago izaten dira, baina Bizkerren kontrakoa gertatzen da.
Bai, nesken hemeretzi talde daudela uste dut, eta mutilenak bi. Getxora entrenatzera noan bakoitzean neskak baino ez ditut ikusten entrenatzen. Hasieran harritu egin ninduen. Emakumeen futbolak indar handia du Bizkerre klubean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!