Alderray istorio kontalariaren ibilerak, Berrizen

Anboto 2022ko urr. 27a, 18:20

Urriaren 29an izango da emanaldia, 19:00etan; sarrerak 6 edo 8 euroan erosi ahalko dira. 

Alderrayk izen bereko istorio kontalariaren ibilerak dakartza; Mikel Martinez sartuko da bere azalean, eta istorio kontalaria izateaz gainera, "pertsonaia ehiztaritzat" ere badu bere burua. Bizi osoan horretan aritu da, kalerik kale, pertsonaia berezien bila, kontatzea merezi duten istorioak jaso, eta entzun gura dituenari kontatzen dizkio gero. Bizitza osoa zeregin horretan "askatasun osoz" eman eta gero, askatasun hori "zama" bilakatu zaio. Puntu horretan dagoela, Morroia (Sandra Fernandez Agirre) pertsonaia helduko da Alderrayren bizitzara. Bere lanaren miresle, honen alboan ikasi gura ditu ofizioaren sekretuak. Eta horrek aldaketa dakar Alderrayren bizitzan. "Galdu egin du beste pertsonaiak harrapatzeko gogoa, bere arima torturatzen duena baino ez du aurkitu gura", azaldu dute Tartean konpainiatik. 

Antzezlana, narrazioen narrazio bat lez dago egituratuta egileen esanetan, eta kontakizunak, itxura batean, independenteak dira. Martxoan estreinatu zuten Alderray, Bilboko Arriagan. Ordutik, hainbat emanaldi egin dute, Santurtzin, Iruñean, Gernikan eta Leioan, besteak beste. Zornotzan ere eskainiko dute emanaldia, 2023ko martxoan. 

Talde beteranoa

Konpainia beteranoa da Tartean. Mikel Martinezek ez ezik, Patxo Telleriak ere parte hartu du lan honetan; berak idatzi du gidoia, eta zuzendari lanak ere egin ditu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!