"Etxekoak izan diren bezero asko ditugu gogoan batez ere, betikoak"

Aitziber Basauri 2022ko urr. 23a, 10:30
Josu Albizuri eta Juan Carlos Albizuri

Julian Albizurik 1946an zabalduriko Juliantxu jatetxeko txuletek ospetsu egin dute Berriz urte askoan. Hasierako lokal hark taberna lez jarraitu zuen eta jatetxeak aterpe berria zabaldu zuen alboan. Juliantxuk bere bidea egin du. Aste hauetan, Juan Carlos eta Josu Albizurik, Julianen semerik eta bilobarik gazteenek, jatetxea hustu dute.

Erabaki gatxa izan da jatetxea ixtea?
Josu Albizuri: Esango nuke niri pena handiagoa eman didala aitari baino. Juliantxu gure etxea izan da, hemen hazitakoak gara lehengusu guztiok. Aitita Jualianek okindegia zabaldu zuen lehenengo, taberna gero, eta  jatetxea azkenik.
Juan Carlos Albizuri: Gure aita okindegian hasi zen txuletak erretzen, lagunartean, Txikito de Mallabiak erakutsita. Lau neba-arrebok etxea izan dugu goian, baina lotarako baino ez gara igo. Dena dela, nik pisu bat kendu dut gainetik. Azken urteetan jatetxeak ez du aurrera egiteko eman, eta ni bakarrik nengoen jada. Ohiturak aldatu egin dira eta pandemia kolpe gogorra izan da. Lasaitua hartuko dut. 

Falta igarriko duzue? 
J.C.A.: Sukaldearen falta igarriko dut, ordu asko eman dut han. 44 urte egin ditut Juliantxun, hasieran zerbitzen, eta sukaldaritzaz dakidana amak erakutsitakoa da. Jualintxuko txuleten ospea aitak eraman du, baina amak lan gehiago egin du. 
J.A.: Bai. Txuletak parrillan erretzen hamar urtez lan egin nuen bertan, osaba Jabierrek erakutsita. Eta gazteagotan ere tokatu izan zait asteburuetan laguntzera joatea. Juliantxuko sukaldea zabalik egon da beti, nahiz eta jatetxea itxita egon. 

Tradizio handiko jatetxea izanik, pertsona ilustre askok jango zuten bertan.
J.C.A: Garai batean, Mertzedarien komentua eta Juliantxu ziren famatuak Berrizen. Ministro frankista askoren arrebak zeuden komentuan, eta euren auto eta moto ofizialetan etortzen ziren. Bilboko kontsulatuan zeuden diplomatiko amerikarrak ere etortzen ziren bazkaltzera; behin, horietariko bat kontua ordaindu barik joan zen (barrez); eta garai bateko Athleticeko jokalari asko ere etortzen ziren: Zarra, Arieta...
J.A.: Geroago, Guerrero, Etxebarria, Valencia.... ere etortzen ziren. Eta Ibarretxe lehendakari ohia ere askotan etorri da, familiagaz.

Bereziki gogoan duzuen bezerorik?
J.A.: Astero etorri den hainbat bezero anonimo. Koinatuagaz etortzen ziren Zornotzako senar-emazteak, domekero mahai berean jesartzen ziren Gernikako anaiak; Mungiako Jesus… Etxekoak izan diren bezero asko, betikoak.

Pasarte asko izango duzue gogoan…
J. C.A.: Uda batean, bikote estatubatuar bat hainbat bider etorri zen, eta egun batean esan zidaten Pearl S. Buck-en ilobak zirela. Harrigarria zen, haren liburu guztiak nituen! 
J.A: Asko. Domeka gau batean tximiniak su hartu zuenekoa, adibidez. Ketza handia zabaldu zen eta kanpoan jendea orroaka hasi zen, irten gintezen. Ez genuen gura. Gure etxea zen!

Durangaldetik kanpora ere oihartzun handia izan du jatetxeak.
J.A.: Bai, kanpoko bezero gehiago izan dugu bertokoak baino. Urte batean, 25.000 menu ematera heldu ginen, eta San Blas egun batean 200 laguni eman genien bazkaltzen, hiru txandatan. 
J.C.A.: Oso urte onak izan ditugu, baina ez hain onak ere bai.

Txuletak erretzeko sekretua?
J.A.: Aitita Julianek zioen legatza ona bada lurrera bota eta zapalduta ere ona egongo dela. Txuletagaz berdin. Generoa ona bada... Hori bai, puntua asmatu behar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!