Berrizko merkataritza sustatzeko asmoagaz 'Bizi Berriz' jaia antolatu dute zapaturako

Aritz Maldonado 2022ko ira. 23a, 13:00

Udako oporraldia atzean utzi eta ikasturte berriari ongi etorria emateko asmoz, Berrizko Merkatari Elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du Berrizko Udalaren laguntzagaz.

Aurretik ere antolatu dituzte halakoak; hala ere, oraingo honetan leloa estreinatuko dute: Bizi Berriz! 11:30-13:30 eta 16:30-20:30 bitartean tirolina eta kart zirkuitua ipiniko dituzte eskolako patioan; musika ere egongo da, jaia girotzeko; antolatzaileek adierazi dute tirolina frontoitik plazara bitartekoa izango dela. Horrez gainera, 17:30ean kalejira hasiko da, Kantoi plazatik Olakueta plazara. Antolatzaileen esanetan, zapaturako euria dago iragarrita, eta, euria eginez gero, kalejira Olakueta plazan hasi eta amaituko dela iragarri dute. Hala ere, aurreko urteetan lez, giro atsegina nagusitzea itxaroten dutela azaldu dute BMEko kideek ohar baten bitartez.

10.000 bonu
Bestalde, irailaren 12an 'Harraskatu eta irabazi!' izeneko kanpaina ipini zuten martxan BMEk eta Berrizko Udalak. Egitasmora baturiko komertzioetan erosketak egin dituzten bezeroen artean, 5, 10 eta 20 euroko deskontu bonuko txartelak banatuko dituzte, bat erosketa bakoitzeko. Saririk ez duten txartelen artean, 100 euroko deskontu txartela zozkatuko da gainera. Kanpaina hau urriaren 11n amaituko da (edo lehenago, bonuak amaituz gero), eta astebete geroago egingo dute zozketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!