"Pilotaren inguruan euskal komunitatearen jai bat izan da”

E.H./J.G 2022ko uzt. 15a, 09:30

Ibai Zabala pilotari berriztarrak Ameriketako Estatu Batuetara bidaia egin du. Oinatz Bengoetxeagaz, Iñaki Lizasogaz eta Jon Erasunegaz batera, partidu bi jokatu ditu San Frantziskon eta Chinon. Bide batez, inguru hartako leku ezagunak bisitatzeko aukera izan dute denek. Kirola eta aisialdia uztartuta, Oinatz Bengoetxeak pilota utzi aurretik Ameriketako kantxak zapaldu dituzte.

Zelan sortu da bidaia hau egiteko aukera?
Oinatz Bengoetxeak urrian amaitzen du bere pilota ibilbidea eta horren aurretik Ameriketara etorri gura zuen. Bere sasoian, proposamena egin zidan. "Bidaia bat egitea lortzen badut, etorriko zinateke?", galdetu zidan. Nik baiezkoa erantzun nion. Oinatzek afizionatuetan jokatzen duen Iñaki Lizaso pilotaria ezagutzen du. Lizaso bera bertso-pilota bat egitera etorri zen orain lau urte. Lau pilotari eta bertsolari bi etorri ziren. Lizaso kontaktuak mugitzen hasi zen Oinatzi agur moduko bat antolatzeko. San Frantziskoko Euskal Etxeko Tony Huartegaz berba egin zuen. Ameriketan jaio arren, Amaiurren bizi izan zen hogeitaka urtean, eta orain berriro bueltatu da. AEBetako mendebalera etorri gara. San Frantziskon, Bakersfielden eta Chinon partidu bana jokatzea zen asmoa. 

Bartzelonatik irten zenuten, San Fermin Egunean.
Bai. Bartzelonatik irten behar genuenez, hango Nafarren Etxean jokatu genuen. Lau pilotarik bidaiatu dugu eta bakoitzak Bartzelonako gazte bategaz jokatu genuen. Uztailaren 7an, San Fermin egunean, Bartzelonan jokatu genuen, eta 8an Ameriketara etorri ginen. Bakersfieldeko euskaldunik gehienak Euskal Herrira etorri direnez, partidu hori ez dugu jokatuko. 

Ameriketan zein izan da plana?
San Frantziskoko Euskal Etxeko frontoian jokatu genuen. Frontoi polita daukate, hamar kuadrokoa. Estatu Batuetan gure artean jokatzen dugu. Iñaki Lizaso afizionatua, bere sasoian profesional izandako Jon Erasun afizionatua, Oinatz Bengoetxea eta laurok gabiltza bidaiatzen. San Frantziskon Iñaki Lizasogaz jokatu nuen, beste bien kontra. Oinatzek eta Erasunek irabazi zuten, 22-20. Chinoko Euskal Etxean aldatu egin ditugu bikoteak. Oinatzek eta biok Lizasoren eta Erasunen kontra jokatu dugu, uztailaren 13an. 

AEBetan zesta-punta izan da ezagunena orain dela gutxira arte.
Zesta-punta izan da nagusi eta, hori dela eta, oso pilotari gutxi etorri da hona. Baina, telebistaz-eta, euskal komunitateak Euskal Herriko aktualitatea jarraitzen du eta frontoiak ere badituzte. Esate baterako, San Frantziskon badago frontoi bat. Chinokoa plaza libre antzeko bat da. Horrelako leku batean, zestan ez baina eskuz jokatu daiteke. San Frantziskora Bakersfieldetik, Renotik... etorri zen jendea gu ikustera. Hiru-lau ordu egin zituzten kotxez. Partiduaren ondoren, herri afari bat egin genuen denok elkarregaz. Chinon ere bai. Beraz, pilotaren inguruan euskal komunitatearen jai bat izan da.  

Izan duzue aukerarik diasporan bizi diren euskaldunekin egoteko? Zer esaten dizuete?
Diasporako gehienak hona etorritako euskaldunen seme-alabak edo ilobak dira. Zonaldeka doan kontu bat da. San Frantziskon eta Chinon iparraldeko euskara duen jendea aurkitu dut batez ere. Iparraldeko euskaldunak dira, bere sasoian artzain etorritakoak. Oso euskara garbia dute eta harritzekoa da. Anekdota lez, emakume berriztar bat aurkitu nuen. Bere ama, Berrizko Errota baserrikoa. Bera Renokoa zen. Beraz, berriztar baten alaba aurkitu nuen, kasualitatez. 

Zer ikusi edo bisitatu duzue?
Estatu Batuak pelikuletan ikusten duzun horren antzekoa da. Dena da handia. Kotxe handi eta garestiak, jendea ere sendoa, berba egiteko modu yanki hori. Gu San Frantziskon, Las Vegasen eta Los Angelesen egon gara. San Frantziskon, euskaldun bategaz hiria ezagutzera joan ginen. Golden Gate ikusi genuen, Golden Street Warriors saskibaloi taldearen kantxa ere bai. San Frantziskoko aldatsak ere ikusi genituen. Pelikuletako irudi mitikoa da eta egia da, aldats handiak dira. Eskerrak kotxeak automatikoak direla. Gero, Las Vegasera joan ginen. 8 bat orduko bidaia da. Desertu erdian dagoen hiria da, eraikuntzaz beterikoa. Bidean, desertua da dena. Kasinora-eta joan ginen. Parranda egiten ahalegindu ginen, baina ez da guk ezagutzen dugun parranda hori. Ez genuen Las Vegaseko parranda zoro horietakorik egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!