Amaraune elkarteak mendi lasterketa berria antolatu du Berrizen zapatu honetarako

Joseba Derteano 2022ko eka. 24a, 13:50
Ehun bat korrikalarik parte hartuko dute lehenengo edizioan.

Berrizen mendi lasterketa berria estreinatuko dute zapatuan. Amaraune mendi kirol elkarteak antolatu du eta balorazioa positiboa bada urteroko hitzordu bihurtu gura dute.

Mendi lasterketa Amaraune elkartearen pizkundeari zor zaio. Pandemiaren aurretik herriko eskalatzaileen premiak asetzera bideratuta egon den elkarteari norabide berri eta zabalago bat eman diote azken urtebetean, hainbat herritarren ekimenari eskerrak. Eskaladako sekzioari eutsi eta berriak sortu dituzte; mendirako irteerak antolatzeko taldea, trailekoa… Hasieran lau katu ziren eta gaur egun 70 bat bazkide dituzte. "Lehenengo batzarrean hiru-lau batu ginen, hurrengoan dozena bat, hurrengoan hogei… Herrian afizio handia dagoela ikusi dugu", azaldu du Mikel Gonzalez Amarauneko kideak. 

Amaraune mendi lasterketa 10:00etan hasiko da, Elizondo plazan, eta leku berean amaituko da. Probak 17 kilometro ditu eta 887 metroko desnibel positiboa. Ibilbideari dagokionez, ahalik eta jenderik gehienarentzat erakargarri izan dadin ahalegindu dira. "Oso ibilbide teknikoa eta desnibel handikoa diseinatuta, ematen du asko dabiltzanei mugatuta dagoela eta ez genuen hori gura. Badu bere gogortasuna, baina apur bat dabilenak ondo egiteko modukoa da", azaldu du Gonzalezek. Korrikalariak Oiz magaletik ibiliko dira eta Sarrimendi (604 metro) eta Gaztelumendi (532 metro) gainak igaroko dituzte. 

Antolatzaileak pozik daude lehenengo aldi honetako harreragaz. 100 bat lagunek eman dute izena. Herritarren artean ere interesa piztu duen ekimena dela dio Gonzalezek. "Lasterketa nondik den galdetu digu mendizale askok, ibilbidea egin gura zutelako", argitu du.

Umeentzako jolasak
Goizean zehar umeei begirako lasterketak ere egingo dituzte, zaletasuna bultzatzeko. Horrez gainera, korrikalari parte hartzaileen artean Berrizko dendetan gastatzeko bonuak zozkatuko dituzte. "Herrigunean mugimendua sortu gura dugu. Berrizen egon izan dira lasterketak, baina goian, Berrizburu inguruan, eta alde horretatik hutsune bat ikusten genuen", adierazi du Gonzalezek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!