Alex Unzueta bigarren Euskadiko triatloi txapelketan

Maialen Zuazubiskar 2022ko eka. 6a, 09:49
Alex Unzueta podiumeko bigarren postuan

Txirrindularitzan hamar urte eman ostean, 2017an duatloien munduan debuta egin zuen Alex Unzueta berriztarrak. Orduz geroztik, bere tokia egiten aritu da berriztarra duatloi eta triatloietan, eta momentu honetan onenen artean dagoela esan daiteke. 

Asteburuan Gasteizen jokatu den Euskadiko triatloi Txapelketan [half distantzian] Alex Unzuetak bigarren postua lortu du Eneko Llanosen atzetik. Unzueta bosgarren helmugaratu zen arren, podiumera igotzea lortu zuen; bigarren euskalduna izan zen. "Ez nuen espero horren aurrean egotea. Triatloietan nire buruari ez diot helbururik jartzen, ni nire lasterketa egitera joaten naiz eta postuak ez dit ardura izaten. Igeri egiten oso txarra naiz eta uretan horrelako "beldurra" izaten dut, lasterketatik deskonektatu egiten dudala. Oraingoan esaterako uretatik 64 postuan irten nintzen eta ez nuen espero bosgarren amaitzerik", azaldu du Unzuetak.

Berak espero ez zuen arren, bere entrenatzaileak [Gorka Bizkarra mañariarra] konfiantza asko zuen Unzuetarengan. "Gorkak esperantza handiak ditu nigan. Berak sinisten du gehiago nigan, nik nire buruarengan baino. Lasterketa aurretik proba bosgarren postuan amaituko nuela esan zidan, eta bete egin nuen. Normalean asmatu egiten du", jarraitu du Saltoki taldeko kirolariak. 

Lasterketan triatleta "oso on" batzuk falta ziren arren, lortutakoagaz "pozik" dago Unzueta eta ez dio "meriturik kentzen" lortutakoari. "Hemen denak kostatu egiten du eta ez da erraza gauzak lortzea. Nik lasterketa oso ona egin nuen eta horrekin gelditzen naiz. Eta nola ez, Eneko Llanosekin podiumean dudan argazkiarekin". 

Urtez urte hobera
Berriztarra urtez urte hobera egiten dabil, eta horren adibide dira aurten lortutako emaitzak. Gasteizko podiumera igotzeaz gain, aste batzuk lehenago Euskadiko duatloi Txapelketan hirugarren postua lortu zuen. Saltoki taldeko kirolariak aitortu du "oso pozik" dagoela egindakoarekin, baina bere "poztasuna" ez dela egun baten edo emaitzan baten ondorioz sortzen. "Egunerokotasunean gauzak ondo joatea, minik ez izatea, denbora eta osasuna edukitzea gehiago baloratzen dut. Hala ere, egia da oso exigentea naizela eta emaitza onak lortzeak modu baten poztasuna eta lasaitasuna ematen dutela". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!