Berrizko Learreta Markina eskolaren 50. urteurreneko ospakizun ekitaldiei ekingo diete asteburuan

Aritz Maldonado 2022ko eka. 3a, 11:00

Berrizko Learreta-Markina eskolako komunitateak ikasturte amaierako jaialdi berezia biziko du aurten, izan ere, 50 urteko ibilbidea beteko du zentroak. Eskolako jaia ekainaren 18an egingo dute, baina aurretik ere ekitaldiak prestatu dituzte motorrak berotzen joateko.

Horrela, bihar, zapatua, jolasak egingo dituzte 11:30-13:30 bitartean, eskolan bertan; bestalde, astelehenean Imanol Ituño magoaren ikuskizuna izango dute ikasleek, eta martitzenean Nere Ariznabarretaren Abenturaz blai emankizuna. Ekainaren 10ekoa ekitaldi berezia izango da, izan ere, urte hauetan Learreta-Markina ikastetxetik igaro diren hainbat ikasle ohik euren emanaldi propioak eskainiko dituzte. 20:00etan, eskolako abesti berria izango dena aurkeztuko dute. Ostean, Iruri Altzerrekak eta Ander Sarriugartek bertsotan egingo dute. Eguna borobiltzeko, Seiurtek, Kohatuk eta Dubek (hauek, formatu akustikoan] kontzertuak emango dituzte. 

Antzerkiak eta dantzek ere izango dute euren tartea egitarauan; ekainaren 17an Anita Maravillasek panpinen kalejira gidatuko du, eta, horren ondoren, San Lorenzo eta Iremiñe taldeek dantza ikuskizuna egingo dute; gero, pilota partiduak egongo dira. Ekainaren 18an egun osoko festa egingo dute mendeurrena ospatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!