Berrizko Kaleko Pintura Lehiaketa antolatu dute maiatzaren 7rako

Anboto 2022ko mai. 6a, 11:00

Julio Gomez leioarrak irabazi zuen iazko lehiaketa.

Berrizko Udalak XXIII. Kaleko Pintura Lehiaketa antolatu du maiatzaren 7rako. 

Lehiaketako arduradunek azaldu dutenez, "16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute, eta aurreko edizio guztietan gertatu den moduan, lanak aire zabalean egin beharko dira, Berrizko udalerriaren barruan, herriko irudietan eta elementuetan oinarrituta eta lehiaketaren egun berean".

Obrak formatu eta teknika librean egin ahal izango dira, eta parte hartzaileek euren lanak egiteko behar dituzten material eta tresnekin joan beharko dute lehiaketara. Euskarriak Berrizko Kultur Etxean zigilatuko dira, lehiaketaren egunean bertan, 8:30etik 9:30era, eta 13:30etik 14:00etara bitartean Olakueta plazan entregatu beharko dira, parte-hartzaile bakoitzak ekarritako astoan. Epaimahaiak 14:30etik aurrera emango du bere erabakiaren berri, eta, jarraian, 700 euroko saria emango diote  irabazleari. Bigarren sailkatuak 600 euro jasoko ditu eta hirugarrenak 500. Lehenengo hiru sarituen artean berriztarrik ez badago, herriko saria 400 eurokoa izango da. Sarituriko lanekin erakusketa bat egingo dute Berrizko Kultur Etxean, maiatzaren 9tik 21era.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!