“Gure arteko kimika onari eusten diogula ikusi dugu entseguetan”

Aritz Maldonado 2022ko mar. 31a, 16:00

@Beñat Bidegain

Keike talde ondarroarra bueltan da hamabi urtean taula gainera igo barik egon eta gero. Taldea 2002an sortu zen eta disko bi kaleratu zituzten euren lehenengo etapan: 'Oinetan kea' (Oihuka, 2004) eta 'Beldurra, mina, argia...' (Oihuka, 2006). Euskal Herrian dozenaka kontzertu eskaini eta gero, 2010ean euren azken kontzertua eskaini zuten, Ondarroan bertan. Hamarkada bat geroago, berriro elkartu ziren kontzertu solte batzuk emateko asmoagaz. Baina osasun krisialdiaren ondorioz, itzulerako kontzertu sorta hori 2022ko udaberrira arte atzeratu dute. Berrizegaz duten hartu-eman bereziak bultzatuta, bertan egingo dute itzulerako lehenengo kontzertua, Topa tabernan, zapatuan. Gaur egun, Denis Alberdi berriztarrak (bateria), Gorka Ruizek (baxua), Axular Arrasatek (gitarra), Jon Kirru Iparragirrek (gitarra eta koroak) eta Nerea Sanchezek (ahotsa) osatzen dute Keike.

Zapatuan berriro igoko zarete oholtza gainera. Gogotsu?
Egia esateko, oso gogotsu eta ilusionatuta gaude. Hamabi urte dira azkenekoz taula gainera igo ginenetik. Pandemia aurretik saiakera bat egin genuen eta kontzertu batzuk jotzekotan geratu ginen, baina dena bertan behera utzi behar izan genuen. Orain badirudi itzulera posible dela.

Berrizen joko duzue lehenengoa. Zelan, ba?
Denis bateria-jotzailea berriztarra da jatorriz. Eta, egia esateko, Berrizen jarraitzaile ugari eduki dugu betidanik. Denisen ordez Joshua Froufre ibili zen denbora batez, gaur egun Shinova taldean dabilena, eta bera ere berriztarra da. Horrez gainera, Keikeren lehenengo kontzertua Berrizko Hiltegixen eskaini genuen, gaztetxean. Horregaitik, aukera ona iruditu zitzaigun bigarren buelta honetako lehenengo kontzertua bertan jotzea.

Egin duzue aurrera begirako planik?
Oraingoz, lotuta ditugun kontzertuak jotzea da gure asmoa. Hainbat lotu dugu. Ilusioz gaude eta ea ilusio horri eusten diogun jotzen hasi eta gero ere. Berriro batu garenetik oso ondo konpondu gara, irribarretsu gaude beti, eta gure arteko kimika onari eusten diogula ikusi dugu. Entseguetan gure saltsan ibili gara eta ideia berriek ere irten dute. Dena dela, orain kontzertu sorta honetan zentratu gura dugu. Ez dugu baztertzen abesti berriak grabatzea, baina oraindino ez. Aurrerago, beharbada. 

Zer ikusiko dute zaleek zapatuan?
Kanta zaharrak joko ditugu. Abesti berriak ez dauzkagu hain landuta. Bere garaian, disko bi kaleratu genituen eta horko kantak joko ditugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!