Mendiko bizikletan, Green Series txapelketako proba bat hartuko du Berrizek, domekan

Anboto 2022ko mar. 31a, 14:14

Green series proba bateko irudia (Argazkia: www.greenseriesxco.com)

Iñaki Lejarreta zirkuituan ibiliko dira parte hartzaileak.

Datorren domekan, eta lehenengo bider, Green Series Challenge XCO lasterketa hartuko du Berrizek. Guztira bederatzi lasterketa puntuagarri egingo dira martxoa eta uztaila bitartean Bizkaiko zortzi herritan eta Arabako herri batean. Balmasedatik eta Bilbotik igaro ondoren, Berrizen txanda izango da domekan. Parte hartzaileak Iñaki Lejarreta zirkuituan ibiliko da.

Txapelketa honetan edozein kategoriako txirrindulariek parte hartu dezakete beti ere XCO modalitatean. XCO siglak 'cross country olinpikoa' mountain bike diziplinatik datoz, hau da, zirkuitu bati hainbat buelta ematean datza, 15 minutu inguruko luzapenarekin (4 km, gutxi gorabehera).

Horrela, 09:30ean Master 40/50/60 mailakoen eta kadeteen proba hasiko da. 11:00etan elite mailako neskak, Master 30 mailakoak, eta, juniorrak ariko dira. Azkenik, 12:45ean, elite eta 23 urtez azpikoen proba hasiko da gizonetan.

Mini Green Series

Zapatuan haurrak izango dira eguneko protagonistak. Izan ere, Mini Green Series probaren bigarren edizioa ospatuko da BTT Iñaki Lejarreta zirkuituaren bigarren zatian. Lasterketak 16:00etan hasiko dira, mailaz maila.

"Asteburu osoan zehar, herriko mountain bike zaleak eta Iñaki Lejarretaren lagunak boluntario gisa arituko dira antolaketa-lanetan, eta, beste behin ere, beharrezkoa da egiten duten lana balioan jartzea eta egiten duten guztia eskertzea", adierazi du Orlan Isoird alkateak, ohar batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!