"Krisi humanitario bat pizten den aldiro Jaurlaritzak Olakueta Etxea eskaintzen du; horrelako zentroetan oinarrizkoak diren beharrak betetzen ditugu, horregaitik da garrantzitsua testuingurua azaltzea", azaldu du Gorka Ruiz migratzaile zentroko koordinatzaileak. Une honetan zentroa "ia beterik" dago, eta lehenengo ukrainarrak hasi dira bertara ailegatzen. "Gurearen moduko zentroetan oinarrizkoak diren beharrizanak asetzen ditugu: lo egiteko lekua, janaria, higienea, medikamentuak... Eskertzekoa da herritarren jarrera, baina beste laguntza mota bat beharrezkoagoa da: zailtasun gehiago dute adin txikikoen eskolaratzeagaz, edo ingurura egokitzeko", gehitu du. 50 bat lagun joan ziren asteleheneko hitzordura, eta sei boluntariok izena eman dutela azpimarratu du Ruizek.
Laguntzaren garrantzia
"Laguntza profesionala ez da denera heltzen. Zoritxarrez, pertsona migratzaileentzat ez da erraza lana topatzea edo etxe bat alokatzea, eta hor asko lagundu dezakete herritarrek", esan du Ruizek. Asteleheneko batzarrean, Olakuetatik igaro diren pertsonen jatorriagaz mapa bat osatu zuten. Hiru urte eta erdiko ibilbidean, 33 nazionalitatetako 255 lagun igaro dira bertatik.