Urtebetean sekulako aldaketa izan da zure bizitzan.
Bai, horrela da. Zazpi urte nituenetik iazko martxora arte, Durango Rugby Taldean aritu nintzen, gazte mailetan. 16 urte nituela, Eibar Rugby Taldera batu nintzen eta harrezkero etorri da beste dena
Eibar errugbiko mailarik gorenean dabil. Jauzi handi hori hain gazterik emateak ez zizun bertigorik eman?
Bertigo handia ematen du, bai. Baina denok gura dugu horrelako aukera bat, jokalari lez pauso bat aurrera ematea dakarrelako, eta aprobetxatu egin nuen. Dena dela, klubeko bigarren taldeagaz jokatzeko ideiagaz joan nintzen eta ez nuen pentsatzen talde nagusiagaz hain lasterrera jokatzen hasiko nintzenik. Bestalde, Durango Rugby Taldea uzteak pena eman zidan. Hainbeste urte elkarregaz… niretzat lagunak baino gehiago ziren, familia bat ginen.
Beraz, itxaroten zenuen baino lehenago heldu zen debuta.
Bai, ez nuen espero. Olimpiko taldearen kontra debutatu nuen, otsailaren 13an. Partidu osoa jokatu nuen. Taldekideek gogo handia zuten ni jokatzen ikusteko, ordura arte ez nindutelako ikusi partidu batean, entrenamenduetan bakarrik. Urduri egon nintzen eta asko lagundu zidaten.
Zeintzuk dira Eibarren helburuak liga amaierara bitartean?
Bosgarren gaude eta partidu bi falta dira. Gure helburua lau onenen artean geratzea da, ligako finalerdietara sailkatzeko.
Euskadiko selekzioagaz ere jokatu duzu, baina beheko mailetan.
Bai, 16 urtez azpiko taldean. Iazko ekainean izan zen, Gijonen. Espainiako txapelketa jokatu nuen, baina ez hamabosteko taldean, zazpiko errugbian baino. Oso esperientzia polita izan zen, bai zelai barruan bai handik kanpora.
Zelan jakin zenuen Espainiako selekzioko nagusiekin hautatu zintuztela?
Durangoko Institutuan ikasten dut eta deialdia atera zutenean han nengoen. Gurasoei mezu bat bidaltzea izan zen egin nuen lehenengo gauza. Hau ere ez nuen espero. Egia esanda, debutak epe luzeagora begirako erronkak ziren, baina orain ari zaizkit errealitate bihurtzen.
Zelako esperientzia izan zen?
Oso polita. Mónica Castelogaz partekatu nuen logela. Berak esperientzia du eta lasaitasun puntu hori eman zidan. Partidua Kolonbiaren kontra jokatu genuen. Nik azkenengo 15 minutuetan jokatu nuen. Oso urduri nengoen eta hobeto egin nezakeela uste dut, baina tira, kontuan hartu behar da Eibarregaz debutatu barik nengoela oraindino, esperientzia handiko jokalariak nituela aurrean…
Ohorezko Maila, Euskadiko selekzioa, Espainiako selekzioa… Izan duzu astirik lortzen zabiltzana barneratzeko?
Oraindino apur bat gehiago barneratzea falta zaidala uste dut, baina banabil apurka. Beti gura izan dudan gauza bat da. Oso serio hartzen dut eta egunero gogor lan egiten dut.
Hain gaztea izanda, zein da Ohorezko Mailan jokatzearen alderdirik gatxena?
Igartzen dut taldekideak eta ni ez gaudela maila berean. Asko dut ikasteko eta badakit akatsak egiten ditudana. Baina zortea dut, urte asko dut aurretik eta gauzak patxadaz hartzen ahalegintzen naiz. Gainera, hartu-eman ona dut taldekideekin eta asko laguntzen didate.
Zegaz zabiltza gehien gozatzen?
Denagaz. Baina lagunekin bidaiatzea eta lagun berriak egitea gustatzen zait batez ere.
Nondik datorkizu afizioa?
Aitak errugbian jokatu zuen. Aproba egitera eraman ninduten eta harrezkero ez dut utzi. Aita ermuarra da eta Eibarren jokatu zuen. Eta orain neuk jokatzen dut han. Berak eramaten nau alde guztietara eta asko eskertzen diot.