Niña Coyotek eta Chico Tornadok doinu indartsuz beteriko lan berria aurkeztuko dute Berrizen

Aritz Maldonado 2022ko mar. 17a, 08:56

Niña Coyote eta Chico Tornado bikote donostiarra bere azken lana aurkeztera dator Berrizera: Niña Coyote eta Chico Tornado vs Don Condor eta Ñora Alacran.

Disko berriak zati oso desberdin bi ditu. Alde batetik, ohiko riff eta bateria erritmo indartsuz beteriko doinuak batzen dituen zazpi abesti daude; bestetik, diskoaren B aldean Koldo Soret eta Ursula Strong musikarien alter egoak dira protagonistak, Don Condor eta Ñora Alacran. Distortsioa eta efektuak alde batera utzi, eta akordeoiak, perkusioak, eta baxu doinuek hartzen dute hor protagonismoa; esperimentaziorako tartea hartu dute diskoaren zati horretan. Mexikoko doinuak dituzte desert-cumbia-surf etiketapean bataiatu dituzten abesti berriek. Harkaitz Cano idazleak eta Maialen Lujanbio bertsolariak letra bana idatzi dute. 

Bira hasiberria
Niña Coyote eta Chico Tornado sasoiko helduko dira Berrizera, izan ere, azken egunetan lau kontzertu eskaini dituzte The Baboon Show suediarrekin batera. Santiagon (Galizia), Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen. Barikuan, Logroñon (Errioxa) eskainiko dute kontzertua. Berrizko kontzertua 19:00etan hasiko da; sarrerak sei euroan salduko dituzte. Oraingoz, rock doinuak gailenduko dira kontzertuetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!