2021agaz alderatuta %9,9ko igoera izango du aurten Berrizko Udaleko aurrekontuak. Sarreren atalean aldaketa esanguratsuena Udalkutxatik jasoko duten diruak izango duela azaldu zuen bilkuran Orlan Isoird alkateak, "650.000 euro baino gehiago igoko da bertatik Berrizko Udalera datorren dirua".
Inbertsioei dagokienez, 2022an Berrizko Udalak iaz baino 183.000 euro gehiago izango ditu, hau da, %38,79ko igoera izango du. Guztira 470.000 euro inguru. Urteko obrarik esanguratsuena, berriz, hilerrirako bidea konpontzea izango da. Lan horiek egiteko 235.000 euro bideratuko dituzte. Alkateak jakitera eman zuenez, errepideko harresiak konpondu, herriko ura hilerrira eta herri ortuetara bideratu eta argiztapena hobetuko dituzte, besteak beste.
Gainera, Berrizburuko Kirol Parkean obrak ere egingo dituztela eta Kultur Etxeko liburutegian aire egokitua jarriko dutela jakitera eman zuten, besteak beste. Kirol Parkeak 248.495 euroko aurrekontua izango du eta horietatik 129.874 euro Bizkaiko Foru Aldunditik jasoko dute. Aire egokitua jartzeko berriz, 40.000 euro bideratuko dituzte.
EH Bildu eta Podemos aurka
Oposizioko taldeek aurrekontuen kontra bozkatu zuten. "Egia da aurrekontu hauetan gure hainbat ekarpen jaso direla, gure eskari historiko batzuk. Baina gure eskariz sortuak izan ziren aurrekontu parte-hartzaileak desagertu egin dira. Parte hartzerik gabeko aurrekontuak dira Gainera, ez dakigu non gelditzen diren aurreko aurrekontu parte-hartzaileetan egin gabe gelditu diren proiektuak", adierazi zuen Josu Albizuri EH Bilduko bozeramaileak.
Berrizen Podemoseko David Jimenok ere aurrekontuen kontra bozkatu zuen. "Ez da partidarik bideratzen aurrekontu parte-hartzaileetara eta gu parte hartzea bultzatzearen alde gaude. Beraz aurrekontuen kontra bozkatuko dugu", esan zuen Jimenok.
Oposizioari erantzunez, "aurrekontu parte-hartzaileak egiteko formula berri baten bila" dabiltza azaldu zuen alkateak.