Martxoak 8

Mugimendu feministak martxa bat antolatu du Martxoaren 8rako, udaletxetik Olakuetara

Jone Guenetxea 2022ko mar. 3a, 08:52

Martxoaren 8a dela eta, datozen egunetan egitarau zabala izango dute Berrizen. Egun horretarako, aldarrikapenez beteriko mobilizazioa prestatu dute. Azeri Gorriak, Emakume Migratuak eta Gure Izarrak eragileek egin dute deialdia martxoaren 8rako, Berrizko Udalagaz batera.

19:00etan Berrizko udaletxetik hasiko den martxak Olakueta plazan izango du helmuga. "Herritar orori dei egiten diogu mobilizazio bateratuan parte har dezan", azaldu dute deitzaileek. Elkar zainduz indartsuago gara lelopean egin dute deialdia. Aldarri hori ikastetxeetan ere landuko dute.

Egitarau zabala
Kalean egindako aldarrikapenez gainera, kultur egitarau zabala antolatu dute Berrizen. Martxoaren 5ean LOF Master Class dantza garaikide tailerra egongo da, gaztelaniaz. 11:00etatik 13:00etara izango da, Berrizko Kultur Etxean.

Martxoaren 8an, ekintza berezia egingo dute Gaztelekuan, 16:00etan. Eta 19:00etan LOF ladies on fight dantza ikuskizuna taularatuko dute Kultur Etxean. Eva Guerrero da ikuskizunaren egilea, eta Bego Krego, Estibaliz Villa, Garazi Lopez de Armentia, Leire Otamendi eta Helena Wilhelmsson dira dantzariak.

Martxoaren 12an, Winona & Grace antzezlana taularatuko dute Ainhoa Artetxe eta Graciela Donoz aktoreek. Istorio honetan, aktore gazte bi zuzendari ezagun baten etxean esnatuko dira, gauean parrandan ibili eta gero; burua nahastuta dute eta apur bat mozkortuta daude oraindino. Apartamentuan bakarrik eta giltzapetuta daudela ohartuko dira. Euren burua patuaren esku uztea erabakiko dute eta elkarregaz biziko dituzten orduetan nortzuk diren deskubrituko dute. Aktore izateaz gogoeta egingo dute. Alex Gerediaga da antzezlaneko zuzendaria.

Beste antzezlan interesgarri bat ere programatu dute Berrizen, martxoaren 17rako: Atzerrian lurra garratz. Amankay Gaztañagak zuzendutako obran, besteak beste, herriaz eta deserriaz, emakume sortzaileen egoeraz, migrazioaz, zaintzaz eta arrazismoaz jardungo dute.

Martxoaren 19an, Niña Coyote eta Chico Tornadok kontzertua eskainiko du Kultur Etxean. Bestalde, martxoaren 23an, Zinegoak Bilbao LGTB film festibaleko ikus-entzunezkoak proiektatuko dituzte. Martxoaren 26an, Bihar taldeko ipuin kontalaria izango da liburutegian, 12:15ean.

Pastelaren ginga bertso saio literarioak ipiniko du. Martxoaren 27an izango da, Berrizko udaletxeko lorategian, 12:00etan. Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Leire Vargas bertsolariek kantatuko dute eta Miren Amuriza izango dute gai jartzaile.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!