Elkarrekin Podemosek Berrizko kaleren bati Martina Ibaibarriagaren izena jartzeko eskatuko du

Anboto 2022ko mar. 1a, 12:22

Berrizko Elkarrekin Podemosek datorren asteko osoko bilkuran mozioa aurkeztuko duela iragarri du. Mozio horren helburua Martina Ibaibarriaga berriztar gerrillariaren memoria berreskuratzea izango da, eta hori lortu asmoz, udalari herriko kale bati Ibaibarriagaren izena jartzeko eskaria egingo dio.

Ibaibarriaga 1788an jaio zen Berrizen. Geroago bere familia Bilbora joan zen eta bertan bizi zirela Merlin jeneralak hiria hartu zuenean berriztarraren aita eta anaia erail zituzten. Gertakari horren ondorioz, Ibaibarriagak Napoleonen aurkako gerrillarekin bat egin zuen eta denborarekin bere alderdiaren buru izatera heldu zen. Ostean, Martina Ibaibarriaga armada erregularrean sartu zen teniente koronel legez eta Gasteizko batailan parte hartu zuen.

"Gure herritarren artean badira pertsonaia ospetsuak, haietako batzuk beste batzuk baino ezagunagoak eta omenduagoak. Batez ere, historian gizonezkoek leku pribilegiatuagoa izan dute, baita gure herrian ere. Emakumeek ez dute beti merezi duten lekua izan. Horietako bat Martina Ibaibarriagaren kasua da, Martina isilarazi eta historiatik kendu zuten", azaldu du David Jimeno zinegotziak.

Mozio honekin, Elkarrekin Podemosen asmoa, Berrizek "historian funtsezkoak" izan diren herriko emakumeen memoria berreskuratu gura du eta herri gisa, berdintasunaren eta balio feministen alde apustu egiten jarraitzea. "Ekimen hau babestuz, udalak aurrera egingo luke politika feministetan", bukatu du Jimenok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!