Garcia de Kortazarrek eta Basagurenek ibilbide oparoa dute musikagintzan. Askok Izaki Gardenak taldetik ezagutuko dituzte, baina Libe eta Neubat proiektuetan ere aritutakoak dira. Baina Pasadena da hasieratik biek bat egin duten lehenengo proiektua. "Pasadenan hasieratik parte hartu dugu biok kantuetan; orain arte, bakoitzak bere ideiak aurkezten zituen eta bion artean moldatzen genituen gero. Hemen ez", azpimarratu dute proiektuari buruz berba egitean. Danilo Forondaren eta Dani Arrizabalagaren laguntza izan dute grabazioan; lehenengoak gitarra elektrikoak eta baxuak grabatu ditu. Bigarrenak, bateria doinuak; Izaki Gardenak proiektuan taldekide izan ziren laurak; zuzenekoetan ere formatu horretan joko dute.
Biniloa eta CDa eskuragarri
Pasadena diskoa Erraiak diskoetxeak kaleratu zuen iaz. Biniloan eta CDan dago eskuragai. 2021eko irailean grabatu zuten diskoa, Sevillako (Espainia) La Mina estudioan, Raul Perez Fernandezegaz; Cem Oralek masterizatu du, Berlineko Jammin Masters estudioan.