"Lehenengo lur-jausia gertatu zenean, 112ra deitu genuen eta berehala etorri ziren. Alkatea ere bertaratu zen. Hasieratik ondo portatu ziren gugaz, tratua ona izan zen", jarraitu du kaltetuak.
Harrezkero, hainbat zerbitzu dabil kudeatzen gertakari hau eta Berrizko Udala koordinazio lana egiten dabil. "Lur-jausia handia izan zen, Okako etxeetaraino heldu zen eta. Oso gai delikatua da, pertsonen segurtasuna bermatu behar da eta", adierazi zuen Orlan Isoird Berrizko alkateak azken osoko bilkuran.
David Jimeno Podemoseko zinegotziak egoera zelan dagoen galdetu zion alkateari eta, alkateak jakinarazi zuenez, udalak geologo bat kontratatu zuen abenduaren 13rako, pertsonen zaintzarako eta ondasunen segurtasunerako. "Geologoak behin-behineko txosten bat egin zuen eta, geologo horren bitartez, konpetentzia duten guztiei gomendioak helarazten zaizkie, tartean URA Agentziari", azaldu zuen alkateak.
Lur-jausiaren sorburua
Osoko bilkuran alkateak azaldu zuenez, Oiztik behera etorritako lur-jausia izan daiteke Okara heldutakoa. "Lur-jausiaren sorburua Oizko azken eolikoaren inguruan egon daitekeela esan du geologoak", jarraitu zuen Isoirdek.
Bestalde, egoera "ahalik eta lasterren" lehengora bueltatzea itxaroten dutela esan zuen alkateak. "Etxeen inguruan gauza asko dago begiratzeko; azken batean, mendia zabaldu eta beherantz etorri zen eta. Guretzat ziurgabetasun handiko uneak dira eta laster dena bere onera etortzea espero dugu", adierazi du kaltetuak.