Berrizko Mega enpresako langileek ikatza eraman dute lantoki atarira

Anboto 2021ko abe. 22a, 12:32

Olentzeroz jantzitako kide batek eraman du ikatza. Megako langileak ERTEan eta enpresa hartzekodunen konkurtsoan daude. 

Berrizko Melchor Gabilondo (MEGA) enpresako langileak kalera ateratzen hasi ziren azaroan, euren egoera salatu eta hitzarmen berri bat sinatzeko. Baina euren egoera ez da hobetu eta komiteko kide batek jakinarazi duenez, langileak ERTEan eta enpresa hartzekodunen konkurtsoan daude gaur egun. "Egoera jasanezina da. Lantokian 102 langile gaude eta ez dakigu gugaz zer gertatuko den", jarraitu du komiteko kideak.

Langileek martxoaren 31ra arte dute ERTEa, eta epe hori baino lehenago soluzio bat izatea itxaroten dute. "Dagoeneko hartzekodunaren eskuetan gaude. Hartzekodunak ikusi beharko du ea enpresa bideragarria den ala ez, eta horren arabera gure etorkizuna bat edo beste izango da", jarraitu du. Bestalde, mobilizazioak egiten jarraituko dutela azaldu dute, euren egoera salatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!