Oinatz Bengoetxeak Berrizko pilotalekuan jokatuko du zapatuan

Anboto 2021ko abe. 10a, 13:01
Oinatz Bengoetxea (Argazkia: www.baikopilota.eus)

Pilotari leitzarrak asteon iragarri du pilota profesionala utziko duela.

Berrizko Udalak pilota jaialdia antolatu du zapatu honetan, 20:00etan, Olakueta frontoian. Lehenengo Promozio Mailako partidua jokatuko dute Alberdi-Uriondo eta Zabala-Etxeberria bikoteek. Horren osteko partidua lagunartekoa da, baina zaleen artean ikusmina pizteko osagai bat du: Oinatz Bengoetxea izango da protagonistetako bat. Pilotari leitzarrak asteon iragarri du profesional mailako ibilbideari amaiera jarriko diola. Bere azkenengo partidua Labriten izango da, 2022ko urtarrilaren 29an. Beraz, seguruenik biharko horixe izango da Bengoetxea VI.a Durangaldean jokatzen ikusteko azkenengo aukera. Aretxabaleta bizkarzain duela Agirrek eta Larunbek osatutako bikotearen kontra jokatuko du.

Sarrera 20 euro da eta frontoiko lehiatilan erosi ahalko da egunean bertan. Une honetan indarrean dauden segurtasun neurriak beteko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!