"Lan handia egin behar da arranoagaz konfiantzazko lotura sortzeko"

Aitziber Basauri 2021ko abe. 12a, 10:30

Gatibualdian jaio arren basati modura hazitakoa da Gezi, Peruko Harris arranoa. Urtebete da Berrizko Sarria auzoan bizi dela. Ander Maiztegik ekarri zuen, Bilbotik, arranoen munduak liluratuta eta falkonero izan guran. Belatz-uhalak ipini eta Ander hutsetik hasi zen Gezigaz lanean. Orain, bien arteko lotura estua da. Arranoa hazteko oso garrantzitsua da higienea, eta dagoen tokian eguzkia eta gerizpea, biak, ematea. Jatekoa neurtu behar zaie, eta atzaparrak eta mokoa moztu.

Zelan murgildu zinen falkonerian?
Arranoak hegan ikustea zoragarria iruditu zait beti. Arranoa pasioa da niretzat. Halako bat etxera ekartzean, zaletasuna pasio bihurtzen da. Lan bat egiten duzu hegaztiagaz, biok koordinatuta.

Hegazti harraparien bidezko ehiza da falkoneria. Arranoak hazi, zaindu eta trebatu egiten dira horretarako.
Bai, baina nik ehiza plantak egiten ditut harrapakin baten itxura duen panpina bategaz. Horri ondo lotuta janaria ipintzen dut, eta, gehiago motibatzeko, txilibituagaz deitzen diot Geziri. Bizkaian ehiza-barruti gutxi dago, urrundu egin beharko nuke eta garesti ateratzen zait. Gainera, ez dago harrapakinik. Dena dela, erakustaldi edo terapietarako ere erabiltzen dira.

Etxe inguruan eta gertuko basoetan hegan egiten du Gezik.
Bai. Oraindino ikasten nabil eta ez dut urrunago eramaten. Gainera, arrano bat erantzukizun handia da.  Ez dit inoiz eraso egin, nire ingurukoei ere ez, bion artean sorturiko konfinantza-loturagaitik. Lan handia egin behar da zaintzailearen eta arranoaren arteko lotura hori sortzeko, eta arranoaren lehenengo urte biak oinarrizkoak dira; hegaztia gizakiaren inguruagaz sozializatzea helburu duen plazeorako ere bai. Eskularruan edo arkuan dagoen uneari deitzen zaio plazeoa. Arranoagaz konfiantzazko lotura lortzeak emozio handia eragiten du.

Zelan lortzen da lotura hori?
Eguneroko lanagaz eta pazientzia handiagaz. Arranoa sarien bitartez trebatuko dugu, inoiz ere ez zigortuta. Bada, beldurtzen ez den bakoitzean janariagaz sarituko dugu. Eguneko lezioagaz hasi aurretik, pisatu egin behar da beti, eta emisorea ipini.  Eta oinarrizko hiru gauza kontuan hartuko ditugu: pisua (ehizarako, hegan egiteko edo muda-pisua), tokia eta ordua. Adibidez, arranoa leku eta orduz kanpo badago, pisuan egon arren, beldurtu egin daiteke. Baliteke ez bueltatzea eta galtzea. Gainera, ezin dugu bat-batean hegaldirako ordutegia aldatu. Ondo neurtuta egin behar dira aldaketak.

Beldurtiak dira arranoak?
Oso argiak dira. Segituan hartzen dute eguneko errutina. Baina urduriak ere badira eta zuhurtzia handiz jokatzen dute. Arriskua ikusita, ihes egingo dute. Konfiantza duelako joango da arranoa zaintzailearengana, saritu egingo duelako.  Izan ere, ehizatzea arriskutsua da, hil edo biziko borroka. Arranoa oso metodikoa da eta zaintzaileagaz duen lotura galduz gero seguruenik hil egingo da. Falkonerian erabiltzen diren arrano guztiak gatibualdian jaio direnez, ez dakite zaintzailerik barik egoten. Jaio eta 15 egunera eraztun identifikagarria ipintzen zaie hankan, eta Jaurlaritzaren hegazti harrapakarien erregistroan daude izena emanda.

Falkoneria ez dago oso errotuta hemen. Zein da zure helburua?
Gutxi gara. Ikastea gura dut, esperientzia hartzea. Bizitza osoa behar da horretarako eta alboan beste falkonero batzuk izatea ezinbestekoa da, aholkuak eman, zalantzak argitu eta sortu daitezkeen arazoak konpontzeko. Falkonerook babes eta laguntza handia ematen diogu elkarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!