Sei urte joan dira estudioko azken lana kaleratu zenutenetik. Orduan bazenekiten lan berriaren aurretik denbora bat igaroko zena ala COVIDak dena atzeratu du?
Lan berria orain kaleratzea taldean geneukan dinamikaren ondorioa da. Abesti berriak sortzen genbiltzala pandemia heldu zen, baina ez du zerikusi zuzenik izan azken lanetik hona igarotako denboraragaz. Are gehiago esango nuke: pandemiak egin duena da prozesua bizkortu. Beste gauza askorik ere ez zegoen egiteko, eta gehiagotan elkartu gara konposatzeko. 2017an, Hogei urte izeneko single bat kaleratu genuen taldea sortu zeneko 20. urteurrenaren harira. Apur bat nekatuta geunden eta urte sabatiko moduko bat hartu genuen, berriro elkartzen hasi aurretik. Horrek guztiak ere eragin du igarotako denboran.
Zer kontatu diezagukezu grabazio prozesuari buruz?
Ekain inguruan hasi ginen, Zestoan, Gaztain estudioan. 10 bat egunetan grabatu genuen. Eñaut Gaztañaga soinu tenikariak egin zituen nahasketak. Oporretatik bueltan nahasketari azken ikutu batzuk egin eta irail inguruan amaitu genuen diskoa.
Zortzi abestik osatzen dute diskoa. Zeuden denak dira ala aukeraketa bat egin duzue?
Zortzi baino dezente gehiago egin ditugu. Sormen prozesuan abestiekin jolasten aritu gara, asko esperimentatu dugu. Hainbat estilotako abestiak egin ditugu. Gerora, diskoa gerturatu ahala filtro bat egin genuen eta Seiurteren estiloko normalenak aukeratu genituen.
Zergaitik 'Cabo Cañaberal' izena?
Diskoko abesti baten izena da. Cañaberal lurmuturrean espazio-ontziak jaurtitzen dira, eta guretzat ere berriro aireratzearen modukoa da lan berria kaleratzea. Irudi hori gustatzen zitzaigun.
Lan berriko musika zein puntutaraino da Seiurte klasikoa eta zein puntutaraino ahalegindu zarete gauza berriekin esperimentatzen?
Gure ibilbidean, diskorik disko, alderdi biak uztartu ditugula uste dut. Esentzia galdu barik, baina diskorik diskora sonoritatean eta konposaketan aurrerapausoak ematen ahalegintzen gara. Disko honetan berdina gertatzen dela uste dut. Oinarriak mantenduta, abestiak aberasteko eta esperimentatzeko ahalegina hor dago.
Izan duzue inoiz tentaziorik oinarriak aldatu eta musika estilo berrietara batzeko?
Musika estiloak, musika entzuteko moduak eta gazteen gustuak aldatzen joan diren arren, gu beti izan gara pop-rock-indie talde bat, eta ez luke zentzurik izango beste estilo bateko musika egiten hasteak. Hasteko, ez genuke jakingo nondik hasi, eta, gainera, gustatzen zaiguna egin gura dugu.
Zelakoa izan da disko berrirako letrak sortzeko prozesua?
Ideia batetik baino, musikatik bertatik abiatzen dira letrak. Oraindino letrarik barik, doinua ahoz abestu zenezake. Fonetikak berba batzuetara eraman zaitzake, berbek estribillora, eta estribillo horrek norabide batean eraman zaitzake. Alde horretatik, abesti bakoitza mundu bat da.
Diskoaren aurkezpenaren ondoren, biraren txanda izango da?
Bai. Behin diskoa kaleratuta, derigorrez jo behar zuzeneko batzuk. Horixe da gure helburu nagusia. Baina hainbeste urte pasatu eta gero, ez gara zoratuko bira erraldoi bat lotzen. Kontzertuak irten ahala joango gara jotzen, apurka eta gure erritmora. Ikusiko dugu zelan doan. Orain arte, diskoaren eraketan guztiz zentratuta egon gara.
24 urte joan dira taldea sortu zenetik. Talde beteranoa zarete jada!
Guri ez zaigu hain luze egin. Nik ez dut urte asko joan diren sentsazioa. Gustura gaudenez eta ia familia garenez… Denboraren joana gehiago igartzen dugu jendeak gugan duen jarreran. "Zuek bai meritua! Hainbeste urteren ostean eta oraindino jotzen!". Horrelakoak esan edo idazten dizkigute. Orduan konturatzen gara beteranoak garela.