Gutxitan entzun dugu zelan islatu den emakumeen aurkako indarkeria artearen historian. Zelan sortu da aukera hau?
Beti eduki dut gai hau buruan. Orain dela gutxi, Prado Museoan, mitologiari buruzko erakusketa baten harira, kazetari batzuek kuadroen ondoko txartelak nabarmendu zituzten. Europaren bahiketa eta horrelakoak. Bahiketa horren atzean, mitologiaren arabera, Zeusek bortxatu egiten du koadroko emakumea. Kazetariek zioten ea zergaitik ez zen koadroaren izenburua aldatzen, bertan agertzen zena argi azalaratzeko. Maitasun istorioa balitz legez agertzen da beti, baina errealitatea beste bat da. Ildo horretatik, azaroaren 25ean berbaldia emateko proposamena egin zidatenean, oso interesgarria iruditu zitzaidan.
Adibideak ipiniko dituzu?
Bideo bategaz hasiko naiz. Ikus-entzunezko horretan, jende askok ezagutzen dituen koadroak agertuko dira. Beti ikusi izan ditugu, baina horien atzean dagoen istorioa kontatuko dut. Bortxaketak, emakumea objektu lez agertzea... Hari horri tiraka azalduko dut zergaitik gertatu izan den
hori. Bestalde, artistak koadro horiek sortzeko zein iturritan oinarritzen diren azalduko dut. Asko mitologian agertzen dira, Erdi Aroko idatzietan, biblian, literaturan... Adibide zehatzetan ere sartuko gara.
Kulturako beste esparru batzuetan, lan handia egin da jarrera sexistak identifikatzen eta kritikatzen. Artean, ostera, ez hainbeste.
Artean emakumeen aurka agertzen den indarkeria ia era natural batean onartu dugu. Artearen historia ikasten ibili nintzenean, ni neu ere ez nintzen konturatu indarkeria hori agertzen zela. Zeusen kasura bueltatuta, emakumea bahitu eta gero haregaz umeak izan eta zoriontsu bizi zela kontatzen da. Izenburuetan ere horrela agertu izan da. Mezu hori ez da beste begirada batetik ikusi. Istorio hori gozotu egin da, baina ez da horrela.
Badago indarkeria hori erakusten duen adibiderik gaur egungo artelanetan? Arte garaikidean?
Badaude gaur egungo artisten lanak testu zaharretan oinarrituta daudenak. Gai horiek gaur egunera arte landu izan dira.
Badago emakumeen aurkako indarkeriak artean duen islaren inguruko lanketarik?
Asko dago lantzeko. Emakume artisten ikusezintasunaren gaia askoz ere landuago dago. Linda Nochlin arte feministaren aitzindaria izan zen eta mugimendu bat sortu zen. Baina ezingo nizuke gaur egungo erreferente bat ere aipatu. Beharbada egongo da baten bat, baina ez dut aurkitu. Argi dago artea gizonen esku egon dela orain arte. Izan ere, emakumeek, artista legez, beste ikuspuntu bat azaldu dute gai hauetan.
Zein izan daiteke berbaldiko hausnarketa nagusia?
Argi eta garbi, Antzinarotik gizarte patriarkal batean bizi izan garela. Antzinaroko iturri horiek gaur egunera arte erabili dira. Gure gizartea Greziako gizartean oinarritzen da. Eta Greziakoa oso patriarkala zen. Mendeetan zehar, era normal batean ikusi dugu gizona emakumeen gainetik egon behar zela. Normaltzat hartu izan da eta orain irakurketa hori berdintasunetik egin beharko genuke.
Artista gazteek betaurreko moreak ipintzeko modu bat da?
Bai, baina ez bakarrik artistek eurek. Museoetako arduradunei koadroetako txarteletan izenburua aldatzeko aukera ematea ere pauso bat izan daiteke.
Egin izan da hori?
Bai, aldatu izan dira izenburuak, sasoira edo egoerara egokitzeko. Ikuspegi hori izatea beste pauso bat izan daiteke etorkizunerako.
Beraz, koadroei aldatu ahal zaie izena.
Ez da ohikoena, baina izan daiteke. Rembrandten kasua da ezagunenetariko bat. Gaueko erronda deitzen den koadroa berez ez zen gauekoa. Baina bernizatu egin zuten eta ilunago geratu zenez, gauez dela ematen da. Autoreak ez zion koadroari izen hori ipini.