Zer aldarrikatzen duzue 'Conviction' diskoan?
Urte biro diskoa kaleratu ohi dugu. Abestiekin hasi eta 2020rako prest edukiko genuela uste genuen, eta estudioa ekainerako erreserbatu genuen. Baina denok dakigu zer gertatu zen martxo hartan (barrez). Horrez gainera, taldekide aldaketak ere izan ditugu; Tarranek taldea utzita, laukote modura jarraitzea erabaki genuen; baterian, Sergiok ordezkatu du Aretxaga. Ganoraz aurkezteko aukerarik egongo ez zela ikusita, diskoa noiz kaleratuko zain egon gara orain arte. Baina urtea amaitu aurretik kaleratu behar genuela ikusi genuen.
Zelan moldatu da Sergio taldera?
Sergio zaldibartarra da, gu baino dezente gazteagoa, baina ezagutzen genuen aurretik, eta estiloagaitik ere aproposena zela iruditu zitzaigun. Oso eroso egon gara beragaz, lehenengo entsegutik. Ekarpen handia egin du, gainera, eta behar genuen bultzada hori ere eman digu, gauza berriak probatzeko.
Ez da erraza hirugarren disko bat kaleratzea, are gutxiago garaiotan. Letrak horren ingurukoak ere badira?
Aurrera egiteko momentua dela uste dugu. Azken urteotan, pentsatu dugun baino gauza gehiago egin dugu, baina uste dugu pauso bat gehiago ere eman dezakegula. Eta, horretarako, konbikzioa behar genuen, sinestea. Ibilbidean zehar emandako urratsak norabide horretan joan dira, eta, orain, momentua da ekiteko.
Zelan joan zen grabazioa?
Guretzat garrantzitsua zen pauso bat harago ematen ahalegintzea. Diskoaren soinua bereziki zaindu gura genuen, eta, horretarako, uste genuen garrantzitsua zela disko berri hau zelan eta nogaz grabatu ondo erabakitzea. Aurrekoak lagun profesionalekin egin genituen, baina oraingoan teknikaria gugaz uneoro egotea gura genuen. Bagenituen proposamen batzuk, tartean Wheel Sound Studioko Txosse Ruizena, eta bera aukeratu genuen; hasieratik ondo konpondu ginen. Guretzat aurrerapauso bat zen, astebetez estudio-etxean egon ginen diskoan buru-belarri, estudiotik irten barik. Tontakeria bat ematen du, baina oso garrantzitsua da egun osoa diskoari eskaintzea. Eta Ruizek ere asko lagundu zigun.
Kolaborazioei dagokienez, behin Bartzelonara joanda bertako lagun eta musikariek parte hartzea gura genuen. Asko gustatzen zaigu Jarquek zelan abesten duen, eta egin genuen abestietariko bat beretzat aproposa zela iruditu zitzaigun. Gabi Edgek ere piloa lagundu digu, hasieratik. Hara joan garen guztietan berak eraman gaitu, eta beragaz detaile bat eduki gura genuen. Ikaragarri lagundu digu eta bere ahotsa diskoan egotea gura genuen.
Worth it taldearen indarguneetariko bat zuzenekoak dira.
Ahalik eta gehien jo gura dugu. Ia urte biko geldialdia egingo dugu azkenean; maiatzean eta ekainean kontzertu pare bat eskaini genituen, baina ez ziren baldintzarik onenak izan, COVIDaren eragina arintzeko neurriengaitik. Oso pozik gaude diskoagaz, eta egundoko gogoa dugu zuzenean aurkezteko. Hemendik ahalik eta gehien jotzea da asmoa, baina kanpora begira jarri eta estatuan zein Europan jotzea ere gustatuko litzaiguke. Abenduaren 10ean izango dugu lehenengo kontzertua diskoa kaleratu genuenetik. Fourscore taldearen itzuleran joko dugu. Beste data batzuk ere baditugu lotuta, baina oraindino ezin dugu ezer aurreratu, oso gogotsu gaudela bakarrik. Uste dugu gauza desberdin bat egin dugula, indartsua, eta orain kontzertuetan erakustea tokatzen da.