Berrizko Udala kezkatuta agertu da "Durangaldeko adin txikiko taldeek herrian eragindako gertakari gatazkatsuen eta gizalegearen aurkako jokabideen" aurrean. Herrian "kezka" eragin duten egoera horren aurrean neurriak hartu direla jakin eragin die udal arduradunek herritarrei.
Batetik, udalak jakin eragin du udaltzainen presentzia areagotuko dela herrian, batez ere, datozen asteburuetan. "Ertzaintzarekin etengabeko komunikazio-kanal bat mantendu da prebentzio lana egiteko", nabarmendu dutenez. Eta gogoratu dute portaera horiek Ertzaintzaren aplikazioaren bidez edo 112 Larrialdi Zerbitzuen telefono zenbakiaren bidez jakinaraztea gomendatzen dela.
Bestetik, udalak jakin eragin du gizarte-zerbitzuekin eta ikastetxeekin koordinatuta lanean ari dela, "prebentziotik abiatuta jarduteko", argitu dutenez. Batez ere, herriko eskoletan, familian, eta aisialdian eragin gura dute, nabarmendu dutenez. "Helburua da horrelako jokabideak prebenitzea sentsibilizaziotik. Baita jokabide horiek detektatzea eta esku hartzea, herrian bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko irtenbide egokiak bilatzeko".