Inoizko parte hartzerik handiena espero dute Berrizko ziklokrosean

Maialen Zuazubiskar 2021ko urr. 19a, 13:18

Domekan ospatuko da Berrizko ziklokrosa. Aurten gainera estatu mailako lasterketa izango da. 

Urtebeteko etenaren ostean, nobedadez josita eta inoizko parte hartzerik handienagaz itzuliko da Berrizko ziklokrosa. Domekan goizeko 10:00etatik aurrera 400 txirrindulari inguru Berrizburuko zirkuituan barrena ibiltzea aurreikusten dute antolatzaileek. "Eguen gauera arte izena emateko aukera dago, baina 400 txirrindulari inguru izango direla aurreikusten dugu", azaldu du Iñaki Etxezarraga Berriz Bizikletari Elkarteko kideak. Aurten gainera, lasterketa estatu mailakoa izango da eta Euskal Herriko egutegiko lehen lasterketa. 

Hala ere, hori ez da nobedade bakarra izango. Bizkaiko txirrindulari federazioak bultzatutako Txiki Kopari esker,  aurten infantilak eta alebinak ere parte hartu ahal izango dute Berrizko ziklokrosean. Txiki Kopa zortzi lasterketez osatuta egongo da, eta Berrizkoa lehenengoa izango da. 

Parte hartzaileei dagokienez, antolatzaileek hainbat izen nabarmendu dituzte: emakumezkoetan, Maria Modenes, Ane de Pablo, Paula Suarez eta Zaloa Trevilla, besteak beste. Eta gizonezkoetan, berriz, Mikel Regil, Jon Munitxa Iñigo Gomez eta Aitor Hernandez. 

Eskerrak antolatzaileei
Berrizko alkateak, berriz, eskerrak eman dizkie Berriz Bizikletari Elkarteko kideei. "Udal moduan oso pozik gaude Berriz Bizikletari Elkarteagaz elkarlanean Berrizko ziklokrosa berreskuratu dugulako. Beraiei eskerrak daukagu herrirako garrantzitsua den ekimen hau", azaldu du Orlan Isoird Berrizko alkateak. 

Lasterketako ordutegiak 
10:00 Kadete
(neskak eta mutilak)
10:40 Infantil
(neskak eta mutilak)
11:10 Gazteak
(mutilak)
12:00 Alebin
(neskak eta mutilak)
12:20 Emakumeen opena 
13:00 23 urtez azpikoak eta eliteak
(mutilak)
14:00 Master 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!