“Jendearen berotasuna sentitzea behar dugu, eta horrela ez da berdina, ez da erraza aurpegiak ikusi barik, jendea geldi, jesarrita... zelan ohituko gara horretara?”

Aritz Maldonado 2021ko uzt. 16a, 17:30

Perlata arrasatearrak 2015etik egurra banatzen ari dira euren punk rock ereserkiekin. Iaz kaleraturiko 'Duguna esateko' "ahal duten moduan" aurkezten dabiltza. 2020tik Mario Cruz elorriarra batu zaie Ane Garairi (gitarra) eta Maialen Oleagari (baxua eta ahotsak). Grabatu dituzten hiru diskoak Berrizko Lorentzo Recordsen grabatu dituzte.

Zapatuan kontzertua eskainiko duzue Zaldibarren, Iheskide elorriarrekin batera. Gogotsu zaudete?
Kulturaren alde egiten diren ekimenen ostean dagoen lana eskertzekoa da. Ez da momentu erraza, baina kontzertuak jo eta ikusteak ateratzen gaitu zurrunbilotik. Kontzertu bakoitza bidaia txiki bat da, eta jendeak ere disfrutatzea espero dugu. Formatuaren inguruan, ez gara ohitzen, baina gauza aldatzen hasi da eta jarraitu dezala horrela, behar dugulako gure mundu txiki horrek aktibo jarraitzea, ea laster zutik eta dantzan den.

2020ko martxoan 'Duguna esateko’ diskoa kaleratu zenuten. Gustura zaudete diskoak izandako harreragaz?
Diskoa grabatu eta martxoan aurkezpena egitea zen plana, baina pandemia dela-eta ezin izan genuen nahi genuen moduan aurkeztu. Egoerara moldatu ginen, ahal izan genuen moduan, abestiak Interneten ipini, jendeak etxean grabatutako bideoekin bideoklip bat egin, abesti berriak sortu... Egoera berri honetara moldatzen ahalegindu gara, gauza batzuk onartzen, beste batzuk asmatzen, aldatzen, baina ez gara ohitzen eta oraindik ere zail egiten zaigu. Zalaparta, zarata, iluntasuna, beroa eta lurretik ibiltzea gustatzen zitzaigun, eta gustatzen zaigu, eta orain ahal duguna egiten dugu.

Zelan moldatu zarete zuzenekoak eskaintzeko edo entseatzeko garai honetan?
Ahal izan dugun moduan... Hasieran, dena bertan behera geratzen hasi zenean, bastante frustratuta. Gero, kontzertu batzuk jotzeko aukera izan dugu eta, nahiz eta formatua ez izan guri gustatuko litzaigukeena (ez guri ez inori), jotzen jarraitu dugu. Ahal izan dugunean kontzertuak ikustera ere joan gara, eta horiek izan dira gure arnasguneak. Entseatzeari dagokionez, garai batzuetan nahikoa zaila izan da; alde batetik, kontzertuak antolatu eta jotzeko aukerak zeuden, baina ez entseatzekoa, ezta herri batzuetatik besteetara mugitzeko ere. Zentzurik bako egoera dezente sortu dira eta hor ibili gara ahal zen moduan, 'lerro fin gorrian'.

Zuzeneko dezente eskaini dituzue tarte honetan. Zelakoak izan dira?
Esandako moduan, kostatu egiten zaigu zuzeneko formatu honetara ohitzea. Jendearen berotasuna sentitzea behar dugu, eta horrela ez da berdina, ez da erraza aurpegiak ikusi barik, jendea geldi, jesarrita... zelan ohituko gara horretara? Hala ere, adibidez, Arrasateko txosnek sekulako egitaraua antolatu zuten San Juanetarako, bertan jo genuen eta nahiz eta mahaika eta jesarrita izan, asko disfrutatu genuen, eta oso ondo pasatu genuen, bai gure kontzertuan, eta baita besteenetan ere.

Abestietako hitzak kritikoak (eta autokritikoak) dira. Zelan inspiratzen zarete idazteko?
Abesti bakoitzak bere istorioa, arrazoiak edo momentuak ditu atzean. Ez dugu bilatzen inspirazioa, eta ez daukagu funtzionatzeko modu edo mekanismorik. Baten batek bizitako egoera batek zerbait piztu du eta haserreak, egonezinak, plazerrak edo kezkak garamatzate horri buruz idaztera. Letra asko kajoian geratu dira, momentuak eskatzen digu idaztea, eta hor irteten da barruan daukaguna. Kanpora begira, nahi baino gauza gehiagok alteratzen gaituzte, eta barrura begiratzekoak ere bagara, orduan kritika baino, erantzun bat dela esan daiteke, egoera konkretu bati erantzun bat ematea.

Berrizko Lorentzo Recordsen grabatu dituzue hiru lanak. Gustura? Zergatik han?
Oso gustura! Aitorregaz grabatzea plazer bat izaten da. Prozesua bera oso aberasgarria izaten da, eta oso eroso sentitu gara, eta emaitzagaz ere beti pozik geratu gara, horregaitik jarraitzen dugu beragaz.

Mario Cruz batu zaizue azken urte honetan. Zelan moldatzen zarete hirukote lez?
Konfinamenduaren ostean batu zen Mario taldera. Gogotsu hasi ginen entseatzen eta kontzertuak jotzen, eta hasieratik oso ondo moldatu gara hirukote modura. 2020ak eman duen onena Mario izan da. Badu zer eskaini, eta bagabiltza gauza berriak prestatzen.

2015ean sortu zenuten Perlata, baina musikaren munduan lehenagotik ere ibilitakoak zarete. Azken urteetan emakume gehiago dabil taula gainean ala gehiago ikustarazten da emakumeen lana?
Gure estiloan, edozein kartel hartuta, ia denak dira mutilez osaturiko taldeak. Gai delikatua da guretzat, zalantzaz betetzen gaituena, eta  lerro bitan erantzuteko zaila, baina denboragaz eta tragotxo bat hartuaz gustura asko eztabaidatzeko gaia. Batzuetan galdetzen diogu geure buruari, deitzen digutenean, benetan deitu diguten egiten duguna gustatzen zaielako edo kupo bat betetzeko. Horren aurrean, sortzaile moduan zein lekutan geratzen gara? Oso leku onean ez. Eta, bestalde, gure aldetik "emakume" edo "neska" izatea zer den ere zalantzan ipintzen dugun momentutik kate horiek apurtzeko lana egunero egiten gabiltzan aldetik, horrelako galderei erentzuteko gogorik ere ez dugu izaten askotan. Baina argi dago egoera zein den, eta oraindik ere lan handia dago egiteko, bai gizartean, bai musikan, eta musikaren bitartez ahalegintzen gara eragiten.

Aurrera begira, zer asmo dituzue?
Aste bi barru Lorentzo Recordsera itzuliko gara, abesti berriak grabatzera. Laster aterako dugu zerbait, baina oraindik hori baino ezin dugu aurreratu. Bestalde, uztailean zehar, Zaldibarrekoaz gainera, uztailean beste kontzertu pare bat dugu, 24an Zubietan eta 29an Gorlako kantinan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!