“Kontzertuak aukera ona dira abestiak zuzenean geruzarik geruza zelan eraikitzen ditugun ikusteko”

Aritz Maldonado 2021ko mai. 22a, 10:00
Gontzal Bilbao, Paule Bilbao eta Josu Gonzalez

Paule Bilbaok (ahotsa eta gitarra), Josu Gonzalezek (baxua) eta Gontzal Bilbaok (bateria) osatzen dute Arima hirukotea. Talde emankorra da. Urte biko tartean, 'Metamorphosis' eta 'Biluztasunez jantzita' EPak kaleratu dituzte Bonberenea Ekintzak zigiluagaz, eta dozenaka kontzertu eskaini dute; izurriteak kontzertuen dinamika moztu arren, denbora tarte hori baliagarria izan zaie bigarren lana konposatzeko.

Etenaldiaren ostean, Azkoitian (Gipuzkoa) hasi dute bira, joan den asteburuan; Berrizko Kultur Etxean joko dute zapatuan, Ikarass talde durangarragaz batera, 18:00etan. Berrizko kontzertuaren ondoren, Tolosan, Gasteizen eta Gernikan joko dute, besteak beste. Taldeko Paule Bilbaok erantzun die gure galderei.

Gogotsu zaudete kontzertuetarako?
Jakina! Denbora dezente daramagu zuzenekoak prestatzen, abesti zerrenda berri bategaz, eta aurreko zuzenekoen dinamika eta egitura apur bat aldatzen. Gogo handia dugu jendeagaz egoteko eta berriro ere kontzertuen erritmo hori berreskuratzeko.

Asko kostatu zaizue abesti berriak zuzenekoetara moldatzea?
Berez, abestiak konposatzerakoan, ordena bati jarraitzen diogu: normalean, looper edo soinu pedal bategaz gitarra geruzak sortzen ditut; gero, melodia edo oinarrizko gitarra riff bat dudanean, letrak eta ahotsa sartzen ditut, eta gero baxuagaz eta bateriagaz borobiltzen ditugu abestiak. Horixe da oinarria, eta kontzertuetan ere horrela egiten dugu. Kontzertuak aukera ona dira abestiak geruzarik geruza zelan eraikitzen ditugun ikusteko.

'Biluztasunez jantzita' diskoak soinu trinkoagoa du. Apropos bilatu duzuen zerbait da?
Denbora gehiago daramagu elkarregaz jotzen, eta, zelanbait, sendotu egin da soinua, bai. Disko honek asebete egin nau; aurrekoan zerbait falta zela uste dut, baina oraingoa helduagoa da, eta garapena atzeman daiteke bertan.

Doinu aldetik ere, bestelako ñabardurak atzeman daitezke.
Esango nuke talde lez ideiak argiago ditugula. Estilo aldetik desberdintasun bat igartzen da, baita sonoritate eta letren aldetik ere. Aurreko diskorako, talde klasikoen eraginean oinarritu nintzen, eta azkenaldian bestelako musika entzuten aritu naiz, eta horrek eragina izan du konposatzerako orduan.

Talde klasikoak diozu. Zeintzuk lirateke zuretzat talde klasiko horiek?
Klasiko esatean, nerabezarotik entzun ditudan taldeak esan gura nuen: Sonic Youth, Nirvana, Pixies, PJ Harvey... Gero, shoegaze, post rock edo noise doinuetan sakondu dut, eta hor Slowdive aipatuko nuke nire gustuko talde lez. Emo edo post hardcore aldetik, ostera, Touché Amoré, La Dispute edo My Bloody Valentine aipatuko nituzke.

Oraingoan ere Bonbereneara jo duzue grabatzera.
Txapek [Karlos Osinaga] soinua ulertzeko duen modua oso aproposa da gure estilorako. Gainera, beragaz hartu-eman estua daukagu eta oso erraz lan egiten dugu elkarregaz. Aste oso bat egon ginen bertan. Abestiak nahiko amaituta eraman genituen, baina han azken ukituak eman genizkien.

Shoegaze doinuek berezkoa dute iluntasun bat. Egun bizi dugun egoerak erraztu egiten du konposatzea?
Egia esateko, konposatzen dudana nahiko iluna irteten zait beti. Ez dakit zergaitik, baina horrela da. Iazko udaberriko itxialdian egin nituen lan honetarako konposaketa lanak; ihes egiteko nire modua izan zen. Etxean dugun lokalera jaisten nintzen, eta bertan sortu nituen abesti guztiak; gero, talde moduan borobildu egin genituen. Egoera hartatik irten eta neure buruagaz konektatzeko beharrezkoa nuen. Nik uste dut musika eta artea oso baliagarriak direla horretarako, norberaren zaurgarritasun, sentimendu eta horiekin konektatu eta azaleratzeko.

Diskoaren grabazioan Sara Zozayak kolaboratu du, eta zuzenekoak ere euskaraz ezohikoagoak diren proposamenak batzen dituzten taldeekin egingo dituzue, Abereh, Ro, Sofa, Lepora... Eszena aldatzen ari da?
Nik uste dut euskaraz gehiegi landu ez den estiloa dela gurea. Proposamen modura, interesgarri egiten du horrek, eta horrela beti egiten zaio ekarpena euskal kulturari ere. Baina bai, proposamen interegarriak dituzten talde berri asko dago, eta orokorrean esango nuke musika desberdina egiten duten talde horien artean sartzen garela gu ere. Gainera, gure artean ia guztiok ezagutzen dugu elkar, eta horrelako familia edo talde bat sortu dugu, eta elkarregaz jotzean sortzen den zera hori oso polita da.

EP formatuan kaleratu duzue lan hau ere. Apropos egindako aukeraketa da?
Nik betidanik izan dut gustuko EPak kaleratzea, pilula txikiak. Gaur egun musika kontsumitzeko modua oso azkarra da, eta esango nuke entzuleak berak gehiago disfrutatzen duela horrela, lanak pilula txikietan kaleratuta.

Talde lez orain urte bi hasi ginen kontzertuak eskaintzen eta diskoak kaleratzen. Eta zortea izan dugu, kontzertu asko irten zaizkigulako denbora honetan, eta baita orain ere. Eta hori eskertzekoa da, kultura oso txarto tratatzen ari diren sektorea izaten ari delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!