Berrizko pentsiodunek 500 bat sinadura batu dituzte Eguneko Zentroa eta Jubilatuen Etxea egiteko

Maialen Zuazubiskar 2021ko mai. 18a, 08:40

Herria zelan hobetu daitekeen jakiteko asmoz, 2017ko otsailaren 20an prozesu parte-hartzaile bat ipini zuten martxan Berrizen. 55 urtetik gorako pertsonen iritzi eta proposamenak batzea zen prozesuaren asmoa. "Prozesua hasi zenetik, 10 bat batzar egin ditugu eta denetan beharrizan bera agertu da: herrian pertsona nagusientzat Jubilatuen Etxe duin bat izatea eta Berrizen Eguneko Zentro bat egitea", azaldu du Jon Barcena Berrizko Pentsiodunen Mugimenduko kideak.

2021eko apirilaren 29an eman zioten amaiera prozesu parte hartzaileari, eta, harrezkero, euren proposamenagaz kalera irten eta sinadurak batzeari ekin diote. Pentsiodunen eskaria argia da, eta euren helburua "nagusiak bizitzaren erdian ipintzea". Hori dela-eta, honako eskari hau egiten dute: beste lokal bat bilatzea eta Jubilatuen Etxea bertara eramatea. Eta, horrez gainera, Eguneko Zentro bat ere sortzea eremu horretan. "Egungo Eguneko Zentroaren kokapena ez da ona eta instalazioa bera ere ez dago ondo. Udalak 400.000 euroko proiektu on bat du Jubilatuen Etxean lanak egiteko, baina kokapena ez da ona eta beste gune bat ipintzea eskatzen dugu", azaldu dute pentsiodunen mugimeduko kideek.

Hori eskatzeko asmoz, maiatzaren hasieran kalera irten ziren sinadurak batzen. Guztira, 500 bat sinadura batu dituzte. "Oso pozik gaude", azaldu dute pentsiodunek. Orain, eskaeragaz batera edo mozio bidez, sinadurok udaletxean aurkeztuko dituztela jakinarazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!