“Kultura bisuala estimulatzea gura dut, pentsaraztea zer den ikusten gabiltzana”

Aritz Maldonado 2021ko mai. 16a, 10:30

'Impr Pant' erakusketak argiaren materialtasuna eta irudiek euskarri fisikoagaz duten hartu-emana uztartzen ditu. Jugatx Astorkia berriztarra da erakusketaren egilea. Astorkia bikaintasunez graduatu zen Arte Ederretan, 2017an. Gero, Arte Garaikideko Masterra egin zuen Pontevedran (Galizia). Bakarka egiten duen lehenengo erakusketa da. Egun, doktoretza egiten dabil, argiaren grafika zelan ikusi eta zelan ikusarazi praktika artistikoen bitartez ikertuz. Erakusketa maiatz osoan egongo da ikusgai. 

Sei piezak osatzen dute 'Impr Pant' erakusketa.
Ariketa moduko batzuk planteatu ditut bertan. Adibidez, piezetariko batean pantaila digitaletan daudenen moduko laminak daude; bertan argia proiektatzerakoan ikusten denak erakusten du pantailetan zer gertatuko litzatekeen. Horixe da erakusketaren funtsa, zer den pantaila bat, zelan lan egiten duen, eta zer den kanpora ateratzen egiten duten lana erakustea. Pantaila edo euskarri bat lez erabili daiteke karrete bateko plastikoa, adibidez, eta hortik zelan atera ikertu, pantaila digital bat izan ez arren.

Oraintxe bertan, irudi mordoa dugu inguruan, baina zelan begiratzen diegu? Zelan ikusten ditugu? Erakusketagaz kultura bisuala estimulatzea gura dut, eta pentsaraztea zer den ikusten gabiltzana, eta zein punturaino fijatzen garen irudiek esaten dizkiguten gauzekin. Ni fakultatera sartu nintzenean konturatu nintzen kultura bisualari buruz ez dakigula ezer, ez dugula oinarririk, neurri handi batean ez digutelako irakasten, ez eskolan, ez batxilerrean. Ez dugu arretarik ipintzen irudietan, eta, beraz, ez ditugu ondo ikusten. Alde batetik, saturazioagaitik, teknologiagaitik, irudi asko ailegatzen zaigulako, baina badu zerikusia hezkuntzagaz ere, esan dudan moduan. Urteak joan ahala, kulturagaz zerikusia duten irakasgaiak kentzen joan dira, eta horren ondorioz gatxago egiten zaigu irudiak ulertzea.

Txikitatik duzu argazkilaritzarako zaletasuna?
Esango nuke betidanik izan dudala afizioa, baina ez nekien hor nuela. Osabak argazkiak ateratzen zituen, baina nik ez nekien. Orain urte batzuk, bere etxetik argazki eta negatibo piloa hartu nuen; artean, ez nekien negatibo bat zertarako zen ere, eta nire logelan gordeta utzi nituen. Karrera amaitu eta masterra egin ondoren, negatiboak zabaldu eta ikusi nuen nik egiten nuenaren antza zutela, argiaren grafika tratatzeko moduagaitik. Ikusten da erroreak direla, zarata, baina nire kasuan gurata egindakoak, eta esango nuke bereak gura barik eginda daudela. Hor konturatu nintzen lehenagotik zetorkidala afizioa, ez dut kasualitateetan sinesten eta. Horrez gainera, bigarren eskuko kamera piloa erosi dut denbora honetan, eta nire kabuz muntatzen eta desmuntatzen ibili naiz, funtzionamendua ulertzeko, besteak beste.

Belaunaldiekin galdu egin da analogikoa?
Nik nostalgia apur bat dut. Ez dakit berpizkunde bat egongo den, ikertzen nabilen gakoetariko bat da hori. Badago negatiboekin bakarrik beharra egiten duen jendea, baina ez dakit zer gertatuko den. Niretzat biekin lan egitea da garrantzitsua, analogikoagaz zein digitalagaz; behin analogikoa ulertuta, digitalagaz bestelako gauzak egin ditzakegu eta. Bateragarriak dira biak.

Baduzu asmorik erakusketa beste norabaitera eramateko?
Erakusketa Gasteizko Montehermoso kulturgunean egon da ikusgai orain arte. Handik ekarri dut eta etorkizunean beste norabait eramatea gustatuko litzaidake. Gainera, instalazio bat denez, eta erabiltzen diren materialak oso malguak direnez, erakusketa bera aldagarria da, espaziora moldatu ahalko da, eta horrek ere interesgarri egiten du.

Ni pozik nago egindakoagaz. Lehenengo aldia da nire lanekin eginiko erakusketa bat dudana, eta gauza piloa daramat esperientzia honetatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!