53 musikari bat eginda, Shatilako errefuxiatu kanpalekuko emakumeei babesa emateko

Maialen Zuazubiskar 2021ko api. 26a, 09:01

Basket Beats Borders ekimenak Beiruteko (Libano) Shatilako errefuxiatuen kanpamentuan du sorburua. Proiektua 2017an sortu zen, kanpamentuan zeuden jatorri ezberdinetako neskak saskibaloiaren inguruan batzeko. Ekimen horrek Euskal Herrian ere badu ordezkaritza, eta bertako bultzatzaile nagusietariko bat da Oihana Alberdi berriztarra. Proiektua sortu zenetik hainbat bider izan dira Euskal Herrian 'Real Palestine Youth' taldeko jokalariak.

Pandemiak baldintzatuta, iaz saskibaloi taldeko jokalariak ezin izan ziren bertaratu, eta hauei elkartasuna helarazi eta laguntzen jarraitzeko asmoz, beste ekimen bat ipini zuten martxan: Basket Beats Borders elkartasun bilduma, bi CDz osatutako elkartasun bilduma.

Ekimen honetan 53 musika taldek parte hartu dute eta musikalki hainbat estilotako abestiak entzun daitezke: musika elektronikoa, ska, rumba, rocka eta hardcorea. besteak beste. Oihana Alberdi berriztarrak azaldu duenez, proiektuaren asmoa hasierako bera da, kirolaren bitartez emakumeei berba ematea.

CDa erosteko aukera
Dagoeneko eskuragarri dago Basket Beats Borders elkartasun bilduma. Alberdik jakinarazi duenez, Euskal Herriko hainbat txokotan dago eskuragai. Tartean, Berrizko Ganeketxe eta Topa tabernetan, Zaldibarko Sorginen, Abadiñoko Abarkateruenean eta Elorrioko Parran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!