Fatxadetako sinbolo frankistak kentzeko eskatu dio Berrizko Elkarrekin Podemosek Udalari

Anboto 2021ko api. 7a, 11:46

Talde moreak Berrizko Udalaren "konpromiso eta erabaki falta" kritikatu ditu, "oraindik udalerrian gelditzen diren sinbolo frankistak kendu ez dituztelako".

David Jimenok, Elkarrekin Podemosek Berrizko Udalean duen bozeramaileak, idatzi bat aurkeztu du udaletxeko idazkaritzan, sinbologia frankista duten ikurrak herriko kaleetatik kendu daitezen eskatzeko. Kontua 2020ko urtarriletik dator. Hilabete hartako osoko bilkuran, Memoria Historikoaren Legea betetzeko mozio bat aurkeztu zuen talde moreak. Testuak gainerako alderdi politiko guztien babesa izan zuen, eta, besteak beste, "Berrizko kaleetan, plazetan edo eraikinetan gera zitezkeen sinbolo frankistak kentzeko" erabakia hartu zuten zinegotziek. Jimenok adierazi du mozio hura onartu zenetik "urtebete hiru hilabete" pasatu direla, eta "denbora nahikoa" egon dela sinbolo horiek kentzeko. Horregatik guztiagatik, orduan adostutakoa betetzera deitu du talde moreak. "Berrizko errepresaliatuen familiak errespetatzeagatik eta osasun demokratikoagatik, ezin da frankismoa gogorarazten duen ezer egon udalerrian", nabarmendu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!