'34 leiho', Berrizko emakumeak eta euren bizipenak lau haizetara zabaltzen dituzten liburua eta erakusketa

Maialen Zuazubiskar 2021ko mar. 12a, 11:30

Martxoaren 8an, Berrizko Azeri Gorriak-eko kideek 34 leiho liburua kaleratu dute. Herriko 33 emakumeren bizipenak jaso eta hauen lana bistaratzea helburu duen lana da, besteak beste.

"Emakumearen presentzia herrian zelan dagoen irudikatu gura genuen, ez bakarrik lan munduan. Emakume bakoitzak bere bizitza du, gure borroka pertsonalak ditugu eta hori irudikatu eta kaleratu gura genuen", adierazi du Azeri Gorriak taldeko Andikona Ariztondo kideak. "Gainera, honegaz erakutsi gura izan dugu denok izan gaitezkeela feminista, eguneroko ekintzetan feministak garela, bagarela, nahiz eta askotan kontziente izan ez", gehitu du Miriam Caro feministak.

Azeri Gorriak-ekoek asteon aurkeztutako lanak erakusketa bat du oinarri: 34 leiho. Erakusketa herriko 33 emakumek eta ispilu batek osatzen dute. "Ispilua zu zeu izango zinateke, ispiluaren aurrean jartzen den hori", esan dute talde feministakoek. "Ispiluaren aurrera gonbidatzen dugu jendea, bere buruagaz gogoeta egin dezan. Alderdi feminista hori badutela ikustera gonbidatzen dugu jendea. Eurak ere feministak direla ikustera", jarraitu du Ariztondok.

Eskerrak emakumeei
Bestalde, Azeri Gorriak talde feministako kideek eskerrak eman dizkiete proiektua posible egin duten emakume guztiei. "Emakume guztiak oso balienteak izan dira, ez baita erraza kamera aurrean jarri eta norberaren bizipenez berba egitea. Eskerrik asko bihotzez zuen bizitzako eta etxeko ateak zabaldu dizkiguzuen emakume guztiei", esan du Carok.

Hainbat lekutan eskuragai
Erakusketa bazkari baten bueltan sortu zen, eta proiektuaren emaitza martxoaren 26ra arte egongo da ikusgai, Berrizko Kultur Etxean. Horrez gainera, gura duenak liburua ere eskuragarri du herriko zenbait lekutan. 10 euro balio du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!