Garagardo beltza, ahabi siropea eta ardo zuria, asiar liztorra amaitzeko edabea

Maialen Zuazubiskar 2021ko mar. 9a, 15:00

Neguan hibernazioan egon eta gero, asiar liztorraren (Vespa velutina) erreginak habia txikiak egiten hasten dira martxo inguruan, eta erlezainentzat sasoi gogorra bihurtzen da. "Erlezainok uztailetik aurrera bizi dugun egoera nahikoa larria da. Ikusten duzunean ehunka liztorrek milaka erle jaten dituztela egunero, horrek barrua mugitzen dizu", aitortu du Iñaki Narbaiza Erlete elkarteko kide berriztarrak.

Espezie inbaditzaile horren populazioa kontrolatu, erreginak hil eta ugalketa katea mozteko, udaberria sasoi ona izaten da, eta Narbaizak ekimen bat martxan ipini zuen iaz horretarako. Erlete elkarteko kidearen helburu nagusia espezie inbaditzaile hori akabatzea da, eta tranpak ipintzen ditu erreginak harrapatzeko. "Erraza da tranpak egitea", esan du Narbaizak. Tranpa hauek ipintzera animatu ditu eskualdeko baserritar, herritar eta ikastetxeak, besteak beste.

Tranpa prestatzeko, plastikozko hiru botila behar dira. Horietariko batean, garagardo beltza (lata bat), koilarakada bat ahabi sirope eta txikito bat ardo zuri bota behar dira. Botila zarratu, eta, erdi inguruan, likidoa baino gorago, zulo bi egin behar dira, parez pare. Zuloetan, beste botila bietako ahoa sartu behar da, tapoi eta guzti (Botilak moztu egin behar dira ahotik hamar bat zentimetrora, inbutu itxura emateko). Tapoietan bederatzi milimetroko zuloak egingo ditugu, tximeletak eta beste zomorro handiago batzuk ez sartzeko. Hortik sartuko da liztorra, likidoak erakarrita. Botila bien ahoen eta likidoaren artean beste zulotxo bi egin behar dira botilan, eta horietan brida bana sartu, intsektu txikiagoren bat goitik sartuz gero, bridan pausatu eta haren zulotxotik irten ahal izateko. Narbaizak dioenez, likidoa loredun zuhaitz edo zuhaixketan ipini behar da, eta bi-hiru asterik behin aldatu.

Zalantzak dituzten herritarrek erleteeziola@gmail.com helbidera idatzi dezakete

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!