"Gure iritzian, prestatu dugunak badu interesa, bai Willis zaleentzat bai zuzenekoak ikusteko gogoa duenarentzat"

Aritz Maldonado 2021ko urt. 15a, 09:30

Zortzi hilabetean zuzenean jo barik egon eta gero, abenduan oholtzetara itzuli ziren 'Garai berezia, kontzertu bereziak' emanaldiekin. Osasun neurrietara egokituriko emanaldi bereziak ondu dituzte. Gaur, Berrizko Kultur Etxean kontzertu bikoitza eskainiko dute. Sarrera guztiak salduta daude. Emanaldi hauetarako, Vincent Bestaven [Petit Fantôme Botibol...] musikaria batu zaie.

Gogotsu kontzertuetarako?
Abenduan bira honi ekin genionetik, oso gogotsu gaude kontzertu bakoitzean. Alde batetik, zortzi hilabetean jo barik egon garelako, eta, bestetik, kontzertu berezi hauetako bakoitzak abentura berrien zirrara hori sortzen digulako.

Zuen zuzenekoak elektrikoak izaten dira, energiaz beteak. Asko kostatu zaizue formatu berrira egokitzea?
Geure buruari ezarri diogun desafioa izan da hori, sasoiotara egokitzea. Bagenekien ikusleek eserita egon behar dutela, maskara ipinita, eta ezin dela ohiko kontzertuetako giroa espero; ezta behar ere, osasun egoeragaitik. Beldur ginen gure kontzertuak ez zirelako egokiak izango, eta, beraz, gure kantak moldatu egin ditugu. Ez modu akustikoan, baizik eta modu lasaiago batean. Badira gitarra elektrikoak, eta baita bestelako konponketak ere, pianoa, organoa, ahots jokoak.... elektronika puntu bat ere badute. Soinuekin eta testuekin jolasten ahalegindu gara. Kantuen mamia berdina da, soinu aldetik moldatu ditugu.

Zaletuek Willisen ohiko kontzertu bat espero dute, eta agian baten bat dezepzionatu zitekeen, baina kontzertuek aurrera egin ahala giroa sortzen da eta pozik irteten dutela esango genuke. Gure iritzian, prestatu dugunak badu interesa, bai Willis zaleentzat bai zuzeneko bat ikusteko gogoa duenarentzat. Musikalki interesgarria da, abestiak aberasten ahalegindu gara eta. Zerbait landua egitea zen helburua, jotzean guk geuk plazera hartzeko, eta baita ikusleak ere ikusterakoan.

Nondik dator Vincent Bestavenegaz elkarlana?
Gure bateria-jotzaile Felixek Bestavenen bakarkako laneko bateriak grabatu zituen, aurkezpen biran elkarregaz jo zuten, eta aurretik ere Petit Fantôme taldean kointziditu zuten. Gerora, gainerako taldekideon lagun bilakatu zen, eta hori ere garrantzitsua da guretzat. Gainera, gitarra eta pianoa jotzen ditu, ondo abesten du... Horretatik aparte, bere disko berria prestatzen dabil, eta, beraz, bagenekien libreago ibiliko zela. Proiektu honek hile batzuk iraun ditzake, eta alde horretatik ere ondo. 2020 honetan ikasi dugu ezin dela epe luzerako ezer pentsatu oraingoz. Hilero ikusten dugu zer egin daitekeen, eta horretara egokitzen gara.

Hain zuzen ere, 'Zugzwang' diskoaren bira erdian harrapatu zintuzten pandemiak.
2020ko urtarrilean, Bilboko Kafe Antzokian eta Biarritzeko Atabalen kontzertu bana eskaini genuen, eta gero bost astean kanpoan egon ginen: Japonian, Australian... Handik bueltatu eta gero hasi behar genuen benetako bira Euskal Herrian eta Estatuan, baina bertan behera geratu zen. 'Garai bereziendako kontzertu berezi' hauek prestatu ditugu, Zugzwangeko abestiekin bakarrik ezin genuelako bira egin. Pena bat da, baina beharbada disko horren bira, bere horretan, amaitu da. Behintzat entseatzen hasi gara. Aurrera begira ere, ez dakigu zein izango den norabidea. Orain gurago dugu ikusi zer egin daitekeen formatu honetan. Baina jendearentzat segurua den momentutik, elektrikoan jotzera bueltatuko gara. 

Bestalde, esker oneko gaude, kontzertu guztietako sarrera guztiak saldu direlako, eta, egia esan, ez genuen hori espero. Horrek gogoa eta ilusioa sortzen dizkigu. Kontzertuetako antolatzaileak ere txalotu gura ditugu, kulturaren alde egiten dabiltzan apustuagaitik; orain arte egin ditugun kontzertuetan ere bete egin da aforoa, baina seguruak izan dira, ondo antolatu dituztelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!