Berrizko Udalak Mankomunitatean sartzeko eskaria egingo du

Anboto 2020ko abe. 9a, 21:46
Artxiboko irudia

Berrizko Udalak EAJren aldeko botoegaz, erabaki du Mankomunitatean berriro sartzeko eskaria egitea. 1997ra arte Durangaldeko Mankomunitatearen parte izan zen Berriz, baina bertatik banatzea erabaki zuen.

22 urteren ostean Berrizko Udalak Durangaldeko Mankomunitatera sartzeko eskaria egingo du. Gaur arratsaldean egindako osoko bilkuran gobernu taldeko kideen aldeko bozkagaz onartu dute eskaria egitea. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin da eta EH Bilduko zinegotziak eta Podemosekoak eskariaren kontra agertu dira. "2012an zerbitzu batzuetara atxikitu ostean, apustu sendo batekin gatoz. Behin betiko Mankomunitatean kide oso moduan atxikitzea eskatuko baitugu. Gure ustez Berrizko herriaren garapena ezin daiteke ulertu gainontzeko udalegaz ibilita ez bada", adierazi du Orland Isoird alkateak.

Bilkuran alkateak azaldu duenez, Berrizek hiru ordezkarigaz parte hartuko du Mankomunitatean eta besteak beste, gizarte zerbitzuetara atxikituko da. "Badakigu gizarte zerbitzuen eredua desberdina dela. Eta herritarrek desberdintasunak ahalik eta gutxien igartzeko ahalegina egingo dugu. Zerbitzu batzuetan aldea egongo da, baina orokortasunean Berriz ondo aterako da" jarraitu du alkateak. Bestalde, zerbitzu batzuk udalean geldituko direla esan du alkateak, tartean zaborraren zerbitzua. 

EH Bildu eta Podemos kontra

EH Bilduko eta Podemoseko zinegotziak Mankomunitatean sartzearen kontra bozkatu dute, eta prozesua gelditzeko eta gaia ondo aztertzeko eskatu diote bi taldeetako zinegotziek gobernu taldeari. Horrez gain,  EAJk egin duena "inposaketa bat" dela esan dute. "Ez gaude batere ados nola hasi eta bideratu duzuen prozesu hau. Azaroaren 17an Mankomunitateko kide batzuk esan ziguten Berrizek Mankomunitatean sartzea gura duela. Kanpotik jakin genuen zuen erabakiaren berri. Gu ez gaude Mankomunitatean sartzearen kontra. Baina bai horrela egitera. Hamabost egunean eta datuak ikusi gabe, inongo txostenik gabe", salatu du Karmen Amezua EH Bilduko kideak. Talde subiranistako kideek Mankomunitatean sartzea erabaki politiko bat dela eta ez erabaki tekniko bat eta herritarrek honekin ez dutela irabazten kritikatu dute. "Ongizate zerbitzua beti harrotasunez erabili duzue. Eta orain prest zaudete hori galtzeko? Hemen ikusten da EAJren aukera, zerbitzuak pribatizatu eta kanpora ateratzea direla", jarraitu du Amezuak. 

David Jimeno Podemoseko zinegotziak, berriz, gobernu taldeagaz alderatuta politika egiteko modu desberdina dutela esan du. "Politika ulertzeko modua oso diferentea daukagu. Guk politak ez dugu horrelako autoritateagaz ulertzen. Benetan gura duzue horrelako erabaki bat horrela hartzea? Guretzat herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua da. Eta hemen ez dago inongo parte-hartzerik", esan du Jimenok

Carmen Marco PSE-EEko zinegotziak ere, informazio falta salatu du, eta udal langileak horrelako gai baten berri prentsaren bitartez izan dutela kritikatu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!