Berrizek Amankomunazgoan sartzea gura duela kanpotik jakin dutela salatu du EH Bilduk

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 18a, 13:14

Berrizko EH Bilduk Berrizko Udalak Amankomunazgoan sartzeko asmoa duela kanpotik jakin duela salatu du. "EH Bilduko Amankomunazgoko ordezkarien bidez jakin dugu Berrizko Udalak Amankomunazgoan sartzeko asmoz duela, eta hurrengo hamabost egunetan gauzatzeko asmoa dutela", azaldu dute talde subiranistako kideek.

EH Bildukoen ustez, Berrizek Amankomunazgoan sartzeko erabakia hartu baino lehen herrian "eztabaida publiko bat" egin beharko luke. "Eta momentuz ez da horrelako eztabaidarik egon" jarraitu dute. "Gardentasun eta informazio falta izugarria da, hau ez da EAJren bulegoetan hartu beharreko erabaki politiko bat. Erabakia seriotasunez eta txosnenak eta datuak mahai gainean izanda hartu beharko litzateke", esan dute oposizioko kideek.

Horrez gain, Amankomunazgoan sartzea "erabaki estrategikoa" izanik, gaia "udal barruko organoetan ez lantzea" ez dutela ulertzen eta Orland Isoir alkateari gaia batzordera eramateko eskatu diote."Momentuz ditugun datuekin ez dugu uste Amankomunazgoan gure gizarte zerbitzuak txertatuta zerbitzua asko hobetuko dugunik. Eztabaidatzeko prest gaude, baina datuak mahai gainean izanda. Eztabaida hori ukatzea errespetu falta iruditzen zaigu", bukatu dute EH Bilduko zinegotziek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!