Berrizko merkatariek bizikleta elektrikoa, ordenagailua, telebista eta hainbat otzara zozkatuko dituzte

Maialen Zuazubiskar 2020ko aza. 17a, 10:37

2003an, Merkatari Elkartea sortu zuten Berrizen (BME). Sasoi hartan herriko hainbat merkatarik zuten kezkatik sortu zen talde hau, eta harrezkero hazten joan da apurka-apurka. Ordutik hona elkartea osatzen duten 25 komertzio eta tabernek hainbat une zaili aurre egin behar izan diote, baina denek batera aurrera egitea lortu dute. Orain, pandemia sasoi honetan, inoizko sasoirik gogorrena bizitzen dabiltza merkatariak, baina inoizko indartsuen irten dute kalera.

BMEk kanpaina berri bat kaleratu berri du, eta hainbat sari banatuko dituzte herriko komertzioetan, 10 eurotik gorako erosketak egiten dituzten herritarren artean. "Errifak atera ditugu, eta abendura bitartean BMEko komertzioetan 10 euro baino gehiagoko erosketak egiten dituztenei errifak banatuko dizkiegu", azaldu du BMEko kideak. Elkarteko kideek azaldu dutenez, errifak Berrizko Merkatari Elkarteko kide diren komertzioetan baino ez dituzte banatuko.

Sariei dagokienez, hainbat saridun egongo dira. Lehenengo saria BH bizikleta elektrikoa eta ekipamendua dira, bigarrena ordenagailu eramangarria, hirugarrena LG smart telebista eta laugarrena 500 euroko balioa duen otzara bat. Azkenik, 300 euroko bost otzara ere zozkatuko dituzte.

Batzeko deia merkatariei
Bestalde, merkatari elkarteko kideek elkartera batzeko deia egin diete Berrizko gainerako komertzio eta tabernetako kideei. "Oraindino elkartean ez dauden komertzioei batzeko deia egiten diegu; gure ustez, bertako kide izateak hainbat onura ekartzen ditu eta", azaldu dute elkarteko kideek. Gainera, euren ustez, zenbat eta komertzio gehiago izan "orduan eta indar handiagoa" izango du Merkatari Elkarteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!