“Publikoak hunkituta esaten digu kontatu beharreko istorio bat zela”

Aritz Maldonado 2020ko aza. 6a, 10:50

Anita Maravillas konpainiak 'Kotondarrak' bere azken antzezlana aurkeztuko du gaur, azaroak 6, 17:00etan, Berrizko Kultur Etxean; urrian estreinatu zen. 

Anita Maravillas taldearen proposamen berriak industrializazio sasoira darama ikuslea, ehungintzako protestetara. Miren Larrea antzezlaneko zuzendariagaz berba egin du ANBOTOk.

Nortzuk dira kotondarrak?
Kotondarrak ama bat eta alaba bi dira. Landa eremutik hirirako bidaia egiten duen familietariko bat dira. Ahizpa biren begiradatik egiten dugu kontaketa. Arrisku batetik ihes dabiltzala, beste zenbait arrisku eta abentura topatuko dituzte hirietan.

Estreinaldiak harrera ona izan du?
Oso ona. Aforo kontuengaitik, hiru emanaldi egin genituen egun bitan. Beti da hunkigarria herrian estreinatzea, eta kasu honetan gehiago. Jendearen berotasuna jaso dugu, eta esaten digutenaren arabera hunkituta irteten dute, eta kontatu beharreko istorio bat zela esaten digute.

Zer nobedade dakartza proiektuak?
Orain urte bi ekin genion proiektu honi, eta gure erronka nagusia lan arlo guztietan pauso bat gehiago ematea izan da, ideien aldetik, eraikitze aldetik, eta baita estetika edo manipulazio aldetik ere. Beste kide bat sartu da, gainera, panpinak manipulatzen, Maren Basterretxea.

Zelakoa izan da itzulera oholtzetara?
Ez nuen uste hain hunkigarria izango zenik. Guk asko disfrutatzen dugu sortze prozesuan, murgildu egiten gara, eta ez genuen itzulera horretan hainbeste pentsatu. Gero konturatu gara publikoagaz egoteko beharrizana genuela. Segurtasun neurriekin izaera kolektiboa mantentzen duten esperientziak izaten jarraitzen dute antzezlanek, eta, horregaitik, inoiz baino iraultzaileagoa da antzerkira joatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!